Oñatiko udala

Mugen inguruko ikerketa kritikoak diziplina anitzetatik aztergai dira Lege Soziologia Institutuan

2024/05/23
Card image cap
Mugak gizarte kontrolerako bitarteko gisa edota eskubideak bermatzeko erresistentzia eta zigorrak hizpide dira gaur hasi den mintegian

  Azken 30-40 urte hauetan mugen kontzeptua sakonki aldatu da. Muga kontzeptu malgu eta aldagarri gisa azaltzen zaigu egun. Kontzeptuaren esentzia moldatu eta interesen arabera berrasmatu da, estatuen botereari eta populazioaren gaineko kontrolari eusteko bitarteko bihurtuz.

  Berlingo harresiaren erorketak mugen amaiera iragartzen zuela zirudien, mugimenduen murrizketarik gabeko ordena global berri bat. Baina globalizazioak eta neoliberalismoak mugikortasunaren gaineko murrizketak indartu ditu, bereziki hegoaldetik iparralderako fluxuetan. Merkatuaren logika eta beharrari jarraituz, zirkulazio askea mugatu egin da, hain zuzen ere, mugetatik jarduten duten kontrol sozialerako hainbat mekanismoren bidez , hala nola bisa-politikak, harresiak, militarizazioa, atxilotze-zentroak, errefuxiatu-eremuak, berehalako itzulketak eta deportazioak.

  Azkenaldian, gainera, barne-muga lausoagoak agertu dira, hiri bereko auzoen artean, migratzaileak atxilotzeko zentro batean, edo zerbitzu publikoetarako sarbidean. Diskriminazioa, xenofobia, arrazakeria, migrazio-politikak eta kolonialismo osteko praktika eta diskurtso hegemonikoak dira barne-muga horien sostengu.

  Testuinguru honetan mugen inguruko ezagutza sortu eta ulertzeko, mugei buruzko azterketa kritikoak egiten dituzten diziplina ezberdinen arteko lankidetza eta uztarketa ezinbestekoa da eta horretan ari dira gaur goizaz geroztik Unibertsitate zaharrean. Bihar arratsaldera arte luzatuko den workshop edo mintegi hau diziplina arteko topaketa bat da, zuzenbidetik, zientzia politikoetatik, nazioarteko harremanen zientzietatik, soziologiatik, antropologiatik, kriminologiatik eta giza geografiatik abiatuta mugen fenomenoa aztertzeko. Mugaren kontzeptu tradizionalaren dekonstrukziora hurbildu eta egun mugak salbuespen eta eskubide gabeko eremu bihurtzen dituzten boterearen praktikak eta diskurtsoak identifikatzea da helburua. Era berean, mugak zeharkatzen dituzten gizarte-mugimenduetatik, erakundeetatik eta migratzaileetatik kontra-boterearen erreakzioak eta erresistentziak zein diren zehaztu nahi dira.

  Mintegiaren antolatzaileak dira, Deustuko unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen institutuko kide Gustavo de la Orden, Giza Eskubideen Defentsarako Iridia Zentroko Maite Daniela Lo Coco eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari, Ignazio Mendiola eta Anaitze Agirre.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!