Mugatu eta digitalizatu diren lursailetako jabeei egindakoaren liburuxkak banatzen ari zaizkie
Udalerriko landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasotzen hasi zen Udala, urtea hastearekin batera. Katastroko lehen hiru poligonoetako lursailen mugaketa egin da eta dokumentazioa gaur-bihar bitarte banatuko zaie jabeei. Hurrengo bi poligonoetan lan berbera egingo da, 2025ean. Horretarako lehen urratsak ematen hasi dira eta lana egingo duen enpresa kontratatzeko prozesua abian jarri da. Herriko landa lurren muga eta kokalekuak GPS bidez geo-erreferentziatuta jasotzea da helburua eta bide batez, Gipuzkoako Foru Aldundiko katastro zerbitzuko informazioa zuzendu eta eguneratzea. Baina Oñatiko landa eremua zabala da, 28 poligonotan banatuta dago, eta mugaketa lanak faseka egiten ari dira.
2025ean zehar, 4. eta 5. poligonoetako lursailak mugatzeko lana egin asmo da eta zerbitzua lizitaziora atera du Udalak. Larraña eta Olabarrieta auzoko zati bat hartzen dute katastroko laugarren eta bosgarren poligonoetako partzelek. Lan kontratua lortzen duen enpresak, katastroko bi poligono horietan dauden lursailak identifikatu, jabeekin harremanetan jarri eta mugakideen arteko akordioa lortu beharko du eta lursailen mugak digitalki jaso beharko ditu. 868 partzela biltzen dira aipatu bi poligonotan, 734 Ha, gutxi gora behera. 99.161eurotan finkatu da kontratuaren aurrekontua eta lana 12 hilabetetan egin beharko da. Interesa duten enpresek azaroaren 25era arte epea dute proposamenak aurkezteko. Eskaintza ekonomikoa garrantzitsua izango da lanen esleipenean baina ez da irizpide bakarra izango, egin beharreko lanen memoria, proposatutako hobekuntzak eta antzerako lanetan lantaldeak duen esperientzia ere baloratuko baita.
Landa eremuko lursailen mugaketa eta digitalizatze lanen bigarren fasea esleitzeko prozesuan dagoen une berean osatu da lehen fasea, gaur eta bihar bitarte banatuko baitzaie lursailen titularrei dagozkien partzelen muga eta mugarrien planoak nahiz koordenadak zehazten dituzten liburuxkak. Santa Ana aretoan ari dira Geograma enpresak osatu dituen liburuxka horiek banatzen, 9:30etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00ra. Jasotzen ez direnak udaletxera eramango dira eta HAZ bulegoan eskuratu ahal izango dira, azaroaren 29ra bitartean. Erreklamazioren bat egin nahi duenak horretarako aukera izango du, abenduaren 12ra bitartean. Argibidetarako, Geograma enpresara jo daiteke, honako telefono zenbakira deituta: 945 041 064.
Katastroko lehen hiru poligonoetako partzelen jabeei ematen ari zaizkie liburuxkak, egun hauetan. Ondoren, lanaren txostena Foru Aldundira bidaliko da, Landa Garapena departamentura emandako dirulaguntza zuritzeko eta Ogasuna departamentura, katastroko datuak eguneratzeko, bai behintzat, adostasuna egon den kasuetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!