Mobilizazioak deitu dira Natran langile bat "bidegabe" kaleratzeagatik

Enpresan 24 urte zeramatzan emakumezko langile baten kaleratzeak eragin ditu lankideen protestak. Pasa den astean jaso zuen langileak kaleratze-jakinarazpena. Argudio oso orokorrak eta errealitatearekin bat ez datozenak ematen dira kaleratze oharrean, sindikatu-ordezkarien esanetan. Horregatik salaketa jarriko dutela jakinarazi dute. Aldi berean, eta langileari elkartasuna adierazteko, mobilizazioak deitu dituzte. Astelehenean asanblada egin zuten Natrako langileek eta gehiengo zabalez babestu zuten bihar eta etzirako deitutako lanuzteak. Lan txanda bakoitzean ordubeteko lanuzteak egingo dira: bihar 10:00etatik 11:00etara eta 16:00etatik 17:00etara; eta ostiralean goizeko 05:00etatik 06:00etara. Ordu tarte horietan lana utzi eta enpresa atarian elkartuko dira, kaleratutako langileari elkartasuna adierazi eta enpresa zuzendaritzari halakoak onartzeko prest ez daudela ikusarazteko.
Natrako enpresa batzordea 13 kidek osatzen dute, horietako zortzi ELAkoak dira eta beste bost LABekoak.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!