Mingain urdinaren kontrako txertaketa hasi da Gipuzkoan
Urriaren 30ean mingain urdinaren foku bat antzeman zen Oiartzungo ustiategi batean eta berehala aktibatu ziren gaixotasuna kontrolatzeko neurriak. Gipuzkoako 105.000 ardi buru eta 41.300 behi inguru txertatzeko kanpaina abian dago. Horretarako UTE GIABERE saneamendu zerbitzuak enpresako albaitariak kontratatu dira eta Aldundiak eskuratuko ditu beharrezko txertoak, gastua bere gain hartuz. Ardiei txerto dosi bakarra jarri behar zaie, behiei, bi.
Ardiak, urteko kanpaina aprobetxatuz txertatuko dira. Debabarrenean dagoeneko hasi direla jakinarazi digute eskualdeko nekazaritza bulegoan. 2025eko urtarrilaren 15erako ardi azienda guztiak txertatuta egon beharko dutela adierazi da Foru Aldunditik. Behien txertaketa berriz, aziendan ibili ohi den albaitariak egin dezake. Baina, kontu egin, doako zerbitzua Diputazioak kontratatu diren albaitariek bakarrik emango dutela, beraz, ohiko albaitaria kontratatu den enpresatik kanpo badago, Aldundiak hitzartu duen horietako bati deitzeko aukera dago. ABELUR zerbitzuan edo Bergarako OCAn kanpainarako kontratatu diren albaitariekin harremanetan jartzeko bidea emango da. Behi aziendak 2025eko martxoaren 15erako txertatu behar dira.
Mingain urdina gaixotasuna eltxo jakin batzuek transmititzen dute. Horregatik, animaliak intsektuen ziztadetatik babesteko neurriak hartzea gomendatzen da Foru Aldunditik, intsektuak uxatzeko produktuak erabiliz, betiere, debeku aldiak errespetatuta. Aldundiak zabaldu duen azken zirkularrean, animalien mugimendurako neurriak ere zehazten dira, egunerokoan, hiltegira eraman behar direnean edota abeltzaintzako azoka, txapelketa eta bestelako kontzentrazioetan parte hartzeko. Edozein zalantza argitzeko ABELURera edo eskualdeko nekazaritza bulegora jo daiteke.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!