MILA ESKER, JONAN ORDORIKA omenaldi kontzertua egingo da Loraldia jaialdiaren baitan

2023ko udan hil zen Jonan Ordorika, bat-batean, 55 urte zituela. Soinu-teknikari oñatiarra sarritan aritu zen Loraldia jaialdian lanean. Antolakuntzak aitortza egin nahi dio eta hamaika musikari lagun batuko dituen ikuskizun handia prestatu du martxoaren 12rako, Bilboko Arriaga antzokian. Aipagarria da Ruper Ordorika anaiaren partaidetza duen Hiru Truku taldea propio elkartuko dela kontzertuan jotzeko.
Aitortza kontzertu horren harira eszenatokian ikusi eta entzungo dugu berriro Hiru Truku taldea. Ruper Ordorikak, Joseba Tapiak eta Bixente Martinezek osatu zuten taldea 2005ean isildu zen, Nafarroako kantu zaharrak hirugarren diskoa kaleratu eta hilabete gutxitara. Aurrez, Hiru Truku I eta Hiru Truku II diskoak argitaratu zituzten, 1994an eta 1997an, mendebaldeko euskal kantu tradizionalak berreskuratuz. Hiru grabazioetan Jonan Ordorika lagun izan zuten.
Hiru Trukuk, Anarik, MICE-Miren Narbaizak, Rafa Ruedak eta Tapia eta Leturiak parte hartuko dute Mila esker, Jonan Ordorika omenaldi kontzertuan. Guztiek izan zuten harremana soinu-teknikariarekin, Katarain grabazio-estudioan elkarlanean aritu baitziren sarritan; bai aipatutakoek eta baita beste euskal artista askok ere. Itzalean lan egiten zuen sortzaile apala, euskal musikagintzako hainbat ekoizpenen kalitatea ontzeko ezinbestekoa izan zen Jonan Ordorika. Bere ekimenez, Lou Reeden kantak euskarara ekarri zituzten hainbat musikarik, 2014an, eta iparramerikarrak Euskal Herrira egin zuen bisitaldian ere esku hartu zuen Ordorikak.
Mila esker, Jonan Ordorika omenaldi kontzertua martxoaren 12an, 19:30etan izango da Bilboko Arriaga antzokian. Sarrerak, 20 eurotan, eskuragarri daude Arriaga antzokiko leihatila digitalean. Kontzertua Loraldia festibalaren baitan antolatu da. 11. aldia du aurten eta guztira, 29 ekitaldiko programa antolatu dute, martxoaren 10etik 30era. Musika ez ezik, antzerkia, literatura, bertsolaritza, dantza eta arte garaikidea lantzen dituzten ehun sortzaile inguru batuko ditu aurtengo Loraldia festibalak.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!