Migel Arregik eta Lagun txakurrak Gipuzkoako artzain txakur txapelketa irabazi zuten atzo
Azken urteetan ekin dio Migel Arregi Azpilletak artzain txakur txapelketetan parte hartzeari. 2019an bigarren sailkatu zen Legazpin, Argi txakurrarekin eta Gipuzkoako txapela jantzi zuen atzo Lagunekin.
Aukera bikoitza zuen Azpilletak txapela janzteko, bi txakurrekin joan zelako Legazpiko Urtaza zelaira, hasieran bestelakorik iragarri bazen ere; Lagunekin lehen postuan sailkatu zen eta Goiz txakurrarekin, laugarren. Jose Mari Bengoa oñatiarrak ere parte hartu zuen Zeu txakurrarekin, eta hirugarren sailkatu zen Gipuzkoako artzain txakur txapelketan.
Guztira zazpi txakur eta artzain bikote lehiatu ziren atzo Gipuzkoako 54. artzain txakur txapelketan. Lehen ariketaren ondoren hiruk egin zuten aurrera, eta Miguel Arregiren Lagunek bakarrik lortu zuen artaldea eskortan sartzea, horrek puntu gehigarriak eman zizkiolarik. Amaieran, txapela, Migel Arregi eta Lagun txakurrak eraman zuten, bigarren sailkatu ziren Jabier Zubiaurre eta Mendi txakurra, azken urteetako txapeldunak, eta hirugarren, Jose Mari Bengoa eta Zeu bikote oñatiarra. Lehen hiru sailkatuek irailaren 16an Garain jokatuko den Euskal Herriko txapelketan parte hartuko dute, Gipuzkoa ordezkatuz. Bizkaian egiten duen lana eginda ere, Migel Arregik eta Lagun txakurrak Oñatiko nazioarteko txapelketan parte hartuko dute hilaren 24an, Gipuzkoako txapeldun gisa.
Legazpin atzo ospatu zen Gipuzkoako Artzain Egunean, gazta lehiaketa ere egin zen eta Oñatiko Gesaltza gaztandegiko gazta seigarren postuan sailkatu zela. Gabiriako Baztarrikak irabazi zuen lehiaketa.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!