Oñatiko udala

Merkataritza-berrikuntzarako bederatzi proposamen aurkeztu dira Market Berri programaren baitan

2024/07/11
Card image cap
LEINNeko ikasleek garatu dituzte, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean

  Euskal enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko proiekzioa sustatzeko ekimena da Market Berri. Berrikuntza, enpresen sorrera eta talde ekintzaileen garapena sustatzeko beharretik sortu da programa. Horretarako, Market Berri ekimena jarri da Mondragon Unibertsitateko LEINNeko ikasleen eskura, euskal enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko proiektuak bultzatzeko.

  Bederatzi proiektu hautatu ziren eta Oñati, Irun eta Bilboko laborategietako LEINN graduko 2., 3. eta 4. mailako ikasleek garatu dituzte. Lanetan merkataritzarako ikuspegi berritzaileak txertatu dituzte eta hainbat ideia garatu dituzte: adimen artifizialean oinarrituta, online topatutako erreferentzietatik abiatuta tokiko dendetan produktuak aurkitzea erraztea; bezeroen eta denden arteko elkarreragina errazten duten abatar modukoak erabiltzea; tokiko merkataritzaren eskaintza erraz eta ulergarri egiten duten plataforma digitalak; tokiko erosketetarako rider edo txirrindulari-zerbitzuak, erabiltzaileei tokiko produktuak eskuratzea errazteko; dendetan aisialdiko esperientziak sortu eta herriaren historia eta kulturarekin lotutako erronkak bideratzea edota negozioetan belaunaldi-erreleboa erraztuko duten bitartekoak eskaintzea, besteak beste.

  Atzo amaitutzat eman zuten ikasleek Market Berri programa Enpresagintza fakultatean, bertako dekano Lander Beloki eta Eusko Jaurlaritzako merkataritza zuzendari Elena Moreno bertan zirela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!