Oñatiko udala

Matrikula industrialen agirien hustuketa lana egiten hasi dira udal artxiboan

2024/06/17
Card image cap
Herriko industria, merkataritza eta artisauen berri ematen duten espedienteetako informazioa datu base batean jasoko da

  Matrikula industrialen espedienteek herriko jarduera ekonomikoa biltzen dute; herrian zeuden lantegi, merkataritza eta artisau jarduerak identifikatzen ziren, udal zergak kobratzeko helburuz. Halako espedienteak urtero osatzen ziren eta ondorioz, herriko jarduera ekonomikoaren bilakaera, edo unean uneko egoera, ikertzeko agiri garrantzitsuak dira.

  1880tik 1984 urtera arte urtez urteko matrikula industrialen espedienteak gordetzen dira udal artxiboan eta horien hustuketa erabaki berri da; agiri bakoitzak duen informazio konkretua ikusi, identifikatu eta datu base batean kargatuko da. Eskuz idatzita dauden espediente zaharrenetan jardueraren helbidea eta titularraren helbidea aipatzen dira, adibidez, eta sarritan, leku berean zeuden, baina hori, agiriek azaltzen duten informazioaren zati bat besterik ez da. Urteetara, mekanografiatutako agiriak nagusitzen dira, eta zoritxarrez, zenbait xehetasun galtzen joaten direla esan digu udal artxibozainak. Hala ere, herriko jarduera ekonomikoaren jarraipena egiteko informazio garrantzitsua jasotzen dute.

  Matrikula industrialen agirien hustuketa lana egiteko enpresa espezializatua kontratatu du Udalak; hainbat aurrekontu eskatu ziren eta lana Klara Gorosabel Artxibozaintza eta Dokumentuen Kudeaketa SLri esleitzea erabaki da, 5.687 eurotan. Lana egiteko 188ren bat ordu beharko direla kalkulatu da. Pasa den ostiralean etorri zen enpresako teknikaria udal artxibora, lana, bertan egingo baitu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!