Oñatiko udala

Matrikula garaian egokitutako ikastetxeen erabakiei helegiteak erantzun gabe hasiko da ikasturte berria

2023/09/05
Card image cap
Ikastetxe publikoetara ostegunean itzuliko dira ikasleak, Txantxiku ikastolara eta Elkar Hezira ostiralean

  Hainbat gurasoren ezinegona eta protesta sortu zuen aurre-matrikulazio prozesuan Hezkuntza Sailak egin zuen baremazioak eta, ondorioz, seme-alabei esleitu zitzaien ikastetxeak, ez zelako gurasoek hautatutakoa. Elkarretaratzea eta giza katea egin ziren herrian, eta zenbait gurasok hezkuntza sailak erabakitako plaza esleipenaren kontrako erreklamazioa aurkeztu zuten. Erantzuna jaso gabe hasiko da ikasturtea, astean, eta esleitu zitzaien ikastetxera eraman beharko dute seme-alaba, plaza galdu nahi ez badute.

  Ostegun eta ostiral bitartean hasiko da 2023-2024 ikasturtea herriko ikastetxeetan. Urgain Herri Eskolakoak irailaren 7an, ostegunean, hasiko dira eta egun horretan aurkezpena izango dute Oñati Institutukoek, bai Zuazolakoek eta baita Larrañakoek ere. Hurrengo egunean, irailaren 8an, Txantxiku ikastola eta Elkar Hezi ikastetxeko haur eta lehen hezkuntzakoak ikasgeletara itzuliko dira eta bigarren hezkuntzakoek aurkezpena izango dute eta eskolak hartzen astelehenean hasiko direlarik.

  Urgain Herri Eskolakoek zentroaren izen ofizial berriarekin, jolaslekua birmoldatzeko lehen fasekolanak amaituta, eta atzealdeko sarrera berrituarekin ekingo diote ikasturteari. Larraña institutuan berriz, formakuntza eskaintza zabaldu da eta Egokitzapen fisikoko Goi Mailako Lanbide Heziketa Ziklo berria estreinatuko dute astean.

  2023-2024 ikasturtea Euskal Hezkuntza Legea onartzearen ikasturtea ere izan daiteke. Hala espero du Urkullu lehendakariak eta EH Bilduko buru Arnaldo Otegik ere esan du EAJrekin bat egiteko prest leudekeela. Baina lege proiektua ez da hezkuntza komunitatearen gustukoa izan, ez behintzat denena, zenbait sindikatu eta hezkuntza sare publikoa aurka azaldu baitira. Lege egitasmoa apirilean onartu zen eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak finkatu ez diren arren, 2025eko ekainaren 9an, Europar hauteskundeekin batera egin daitezkeela zabaltzen ari da. Nahi den kontsentsua biltzeko denbora nahikoa izango ote den, kurtsoan zehar jakingo dugu.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!