Oñatiko udala

Martxoaren 23an iritsiko da Korrika Oñatira

2024/01/11
Card image cap
4:15etan Elorregitik sartu eta Udanatik irtengo da, 5:45etan

  Gaur ezagutarazi du AEK-k 23.Korrikaren ibilbidea, eta aurten bai, Oñatiko kaleak zeharkatuko ditu; martxoaren 23an izango da. Arabatik barrena iritsiko da Korrika Debagoienera martxoaren 23an. Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate zeharkatuta, goizeko 4:15etan Elorregira iristea aurreikusten da. Han hartuko dute oñatiarrek lekukoa eta Udanako gainera bitarteko kilometroak beteko ditu herritarren eskutik eskura. Legazpiarrei, 5:45etan emango zaie. Goizaldera, baina larunbatarekin, pasako da Korrika Oñatitik.

  Orain bi urte Korrika ez zen Oñatitik pasa eta horrek herritar askoren samindura eragin zuen. Hutsunea arintze aldera, Elorregi inguruko kilometroa oñatiarrei gordetzea erabaki zuen AEK-k eta elurra eta hotzari aurre eginez, herritar asko hurbildu zen bidegurutzera. Aurten, etxean izango dugu euskararen aldeko ekimen berezia.

  Otsailaren 1ean zabalduko da kilometroak erreserbatzeko aukera eta bitartean, astelehenean, hilaren 15ean, herri batzordea eratzeko bilera egingo da Biebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan. Arratsaldeko 18:00etarako zabaldu da deialdia.

  23. KORRIKA Irundik aterako da martxoaren 14an, eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Baionan amaituko da, martxoaren 24an. Tartean, 2.700 kilometro beteko ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!