Marijo Etxegoien Arzuaga Eusko Legebiltzarrerako EAJren zerrendak osatzeko hautagaien artean dago
Euzkadi Buru Batzarrak atzo arratsaldean bidali zien alderdikideei Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJk aurkeztuko dituen zerrendak osatzeko hautagaien proposamena, alfabetikoki ordenatuta. Gipuzkoako zerrendan Marijo Etxegoien Arzuaga oñatiarraren izena jaso da. Aldi berean, barne hauteskunde prozesua abiatu dute jeltzaleek eta hautagai berriak proposatu eta aukeratu beharko dituzte alderdikideek, urtarrilaren 27a baino lehen. Egun horretan Ezohiko Aberri Batzarra egingo da eta jasotako babesen araberako hurrenkeran ordenatutako hautagaien zerrendak behin betiko onartuko dira, Gipuzkoa, Araba eta Bizkairako.
Abenduaren 24ra bitartean, lehen hautespen aldia egingo da Uri Erakundeetan eta Euzkadi Buru Batzarrak proposatutako pertsonak abalatu edo baztertu ahal izango dira, hautagai berriak proposatzearekin batera. Aurrera egingo dute gutxienez hiru Uri Erakunderen babesa jasotzen duten hautagaiek. Bigarren hautespen aldira igaroko diren hautagaien zerrendak urtarrilaren 3a baino lehen jakinaraziko dira eta 25 hautagai titular eta 5 ordezko aukeratzeko prozesu berria irekiko da Uri Erakundeentzat, lehenik eta Herrialde Batzarrentzat, ondoren.
Urtarrilaren 27an onartuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik Eusko Legebiltzarrerako EAJk aurkeztuko dituen behin betiko hautagaien zerrendan. Oso litekeena da zerrenda horretan oñatiar bat izatea, Marijo Etxegoien Arzuaga. Orain lau urte Izaro Elorza Arregi EH Bilduren zerrendetan hautagai izan zen eta egun legebiltzarkide den Alberto Alonso Martín, Arabako PSEko hautagaitzan aurkeztu zen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!