Oñatiko udala

Marijo Etxegoien Arzuaga Eusko Legebiltzarrerako EAJren hautagai izango da

2024/01/29
Card image cap
Legebiltzarrerako eta europar hauteskundeetarako hautagaiak Durangon aurkeztu ziren, larunbatean

  Marijo Etxegoien oñatiarra EAJren Gipuzkoako zerrendan 10.a izango da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Hala onartu eta jakinarazi da Durangon, EAJren Aberri Batzarrean. Larunbateko batzarrak amaiera eman dio hautagaiak proposatu eta aukeratzeko jeltzaleen barne prozesuari. Oñatiarraren izena Legebiltzarrerako hautagaien lehen zerrendan proposatu zuen Euzkadi Buru Batzarrak eta bi hilabete iraun duen prozesua gaindituta, Gipuzkoako hautagaitzan 10. postuan joango dela baieztatu da. Zerrendaburua, Bakartxo Telleria Otermin izango da, 2012tik Legebiltzarreko presidente dena.

  Marijo Etxegoien EAJko afiliatua da 2000. urtetik. Hirutan izan zen udalbatzako zinegotzi: 1003-2007, 2015-2019 eta 2019-2023 legealditan. Zuzenbidean Lizentziatua, aholkulari juridikoa da Emakunden.

  Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen data oraindik jakinarazteko dagoen arren, alderdiak hasi dira ardura ezberdina hartu dezaketen hautagaiak aukeratu eta ezagutzera ematen. Durangoko ekitaldian ofizialki izendatu zen Imanol Pradales lehendakarigai jeltzale moduan. Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia da, Eneko Andueza PSE-EErena eta Javier de Andres PPrena. Elkarrekin Podemos-ek oraindik ez du lehendakarigairik izendatu.

  Marijo Etxegoien Arzuaga legebiltzarkide izateko zerrendetan agertuko da, oraingoz dakigun oñatiar bakarra, baina gehiago izan daitezke. Orain lau urte, esaterako, egun legebiltzarkide den Alberto Alonso Martín, Arabako PSEko hautagaitzan aurkeztu zen eta Izaro Elorza Arregi EH Bilduren zerrendetan hautagai izan zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!