Oñatiko udala

Mariella Carrino in memoriam beka sortu da Lege Soziologia Institutuan

2025/02/14
Card image cap
Master ikasleei beka berria aurkezten
Carrino familiak finantzatzen duen beka, gizarte gatazkak, etxebizitza politikak edota etxebizitza eskubideari buruzko ikerketa lanetara bideratuko da

  Ez da ohikoa Lege Soziologia Institutuan partikularrek sustatu eta finantzatutako bekak izatea. Kasu honetan, institutuko zuzendari zientifiko izan zen Vincenzo Ferrari izan da Oñatin dirulaguntza hau eskaini ahal izateko lotura. Ferrari Carrino familiaren adiskide da eta bekaren izena daraman Mariela Carrinoren irakasle izan zen; bere eskutik, Carrinotarrek Oñati herria bisitatu eta Lege Soziologia Institutua ezagutu ahal izan zuten. Orain, Mariella Carrino in memoriam beka sortu eta urtero 4.000 euroko ekarpena egingo dute. 

  Lege soziologia arloko ikerketa sustatzeko Mariella Carrino programaren barruan sortu da beka. Haren oroimenez, gizarte-gatazkei, etxebizitza politikei eta etxebizitza eskubideari buruzko ikerketa zientifikoak ekonomikoki babestuko dira, ikertzaile gazteen karrera samurtuz. 

  Beka eskuratzeko lehentasuna izango dute Lege Soziologia Institutuko master ikasleek edo graduatuek. Edonola ere, ikerketa lana Oñatiko institutuan egin beharko dela zehazten da oinarrietan. Banakako nahiz taldeko lana izan daiteke eta edozein hizkuntzatan osatuta ere, ingelesez entregatu beharko da. Ikerketarako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago, martxoaren 5era arte. Batzorde zientifiko batek aztertuko ditu aurkeztutako lan proposamen guztiak eta bekaren irabazlearen izena uztailaren 31 baino lehen jakinaraziko da. Saritutako ikertzaileak Oñatiko institutuan lanean aritu beharko du irailetik abendura bitartean eta urtea amaitu aurretik presentatu beharko du lana.

  Lege Soziologia Institutuak master ikasleen matrikula edota egonaldi gastuak arintzeko bekak eskaintzen ditu, herrialde ezberdinetako gobernu edo erakunde ofizialek finantzatzen dituztenak, baina oraingoa, familia partikular batek ekonomikoki sostengatutako beka da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!