Oñatiko udala

Mankomunitateak, Oñati, Bergara eta Leintz Gatzagako landa auzoetan hondakinak gaika biltzeko ekarpen eta larrialdi guneak eraikitzeko lanen lizitazio deialdia argitaratu du.

2013/01/25
Oñatin 3 ekarpen gune eta 2 larrialdi gune egokituko dira.

  Oñatin egokituko diren bi larrialdi guneak San Lorentzo inguruan eta Garagaltzan kokatuko dira. Hondakin gaiak batze eguna baino lehen ateratzeko beharra duten herritarrek erabili ahal izango dituzte, baina aurrez, horren berri udalari emanda.

  Ekarpen guneak berriz, landa auzoetako biztanleentzat izango dira. Inguru hauetan hondakinen bilketa atez ate egingo ez denez, auzotarrak eurak arduratu beharko dute organikoa, papera edota ontziak ekarpen guneetara eraman eta uzteaz. Halako 3 egingo dira: Garagaltzan, Olabarrietan eta Torreauzon. Baina ekarpen gune nagusi horiezaz gain, dozena bat mini-gune ere egokituko dira, Madalena inguruan, Arantzazurako bidean eta ekarpen guneetatik aparte xamar geratzen diren beste auzo inguru batzuetan. Mini-gune hauek xinpleagoak izango dira, zorua estaliko duten  loseta batzuen gainean edukiontziak jarriko dira erabiltzaileek, giltza edo txip bidez ireki ditzaten.

  Oñatin bezala, Bergaran eta Leintz Gatzagan ere halako ekarpen eta larrialdi guneak eraikiko dira.

  Debagoieneko mankomunitateak, lan horiek egiteko lizitazio deialdia argitaratu berri du Gipuzkoako aldizkari Ofizialean. Lanak, gehienera 225 mila euroren truke egingo dira. Hori da behintzat, lizitazio deialdian finkatu den gehienezko aurrekontua. Enpresek beraz, gehienezko prezio horren azpiko eskaintzak aurkeztu beharko dituzte. Gaur ireki da proposamenak aurkezteko epea eta otsailaren 19ra arte luzatuko da.

  Lanak, esleipena egin eta bederatzi asteren buruan egin beharko dira. Eskaintzak baloratzerakoan, prezioa erabakigarria izango da, gehienez lortu ahal izango diren 100 puntutik 70, eskaintza ekonomiko horren araberakoa izango baita. Beste 30 puntuak, proposatutako txosten teknikoa eta egin beharreko lanen programazio zehaztuaren arabera banatuko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!