Malko taldeak Katapulta Tour Gipuzkoa egitasmoan parte hartuko du

Katapulta Tour Gipuzkoa musika eta arte eszenikoen talentu gazteentzako zirkuituaren aurtengo edizioa aurkeztu da eta, besteak beste, Malko taldea hautatu dute. Oñatiarrek artista eta talde moduan hazi eta oholtza berriak zapaltzeko asmoa dutela azaldu dute.
Katapulta Tour Gipuzkoa programa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak eta Kutxa Fundazioak antolatzen duten ekimena da. Hiru helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen arloan bertako talentua sustatzen laguntzea; kultur programazio egonkorra duten espazioen garrantzia nabarmentzea eta kultur-eszena dinamizatzea.
148 proposamen aurkeztu ziren 2025eko ediziora eta 10 artista edo talde aukeratu dira, 8 musika proiektu eta bi arte eszeniko proposamen. Malko oñatiarrekin batera Ane Leux, Bobbi Relac, Lemak, Luke Armstrong, Nuria Culla, Peachy Joke eta Suite Seda proiektuak hautatu dira musikala arloan eta Amaia Elorza eta Joan Ferreren Aquí está todo eta Alain Zulaika eta Sergio Martinezen Twobascos pieza artistikoak. Musika proposamenetan rock-a nagusi bada ere, badira pop, blues, soul, jazz, folk edota flamenkoa lantzen duten formazioak. Aipagarria da aurten aurkeztu diren 148 proposamenetatik 87 euskarazko proiektuak izan direla, erdiak 30 urtetik beherako kideak dituztenak eta 64 berriz, emakumeen parte hartzea dutenak.
Hamargarren programa honek beraien lana ezagutarazteko aukera eskainiko die artistei eta laguntza osagarria ere emango die: Gipuzkoan lau emanaldi egiteko aukera, 500 euroko konpentsazio ekonomikoa emanaldi bakoitzeko, eta proiektuaren sustapen bideo baten grabazioa. Gainera, komunikazio eta sustapen, eszenografia, ekoizpen, ekonomia eta zerga-arloetako prestakuntza programa batean parte hartzeko aukera ere izango dute.
Malko taldearen aurretik herriko edo herritarren partaidetza zuten beste hiru proiektuk ere jaso dute Katapulta Tour Gipuzkoaren babesa: Iker Plazaola eta Lauzpabost stand up kolektiboak iaz, Ramada Inn taldeak, 2023an eta Juan Vallsek 2018an.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!