Oñatiko udala

Maider Arregik Lizardi bertso sariketaren finalean parte hartuko du

2019/09/03
Card image cap
Zarauzko Modelo aretoan jokatuko da ostiralean gauean

  Guztira 16 bertsolarik kantatu dute aurtengo 43. Lizardi sariketaren bi kanporaketetan, eta seik lortu dute finalerako txartela. Maider Arregirekin batera, Jon Gurrutxaga, Aitor Bizkarra, Joanes Illarregi, Maddi Ane Txoperena eta Unai Izagirre arituko dira txapel bila. Finaleko saioa Zarauzko Modelo aretoan jokatuko da ostiralean, irailaren 6an, 22:00tan. Sarrerak Zarauzko turismo bulegoan eskuratu daitezke, 3 euroan, edo egunean bertan.

  Finala aurretik bi kanporaketa jokatu dira Lizardi bertso sariketan, abuztuaren 29 eta 30ean. Lehenengo saiotik Jon Gurrutxaga eta Aitor Bizkarra sailkatu ziren zuzenean finalerako eta bigarrenetik, Maider Arregi eta Joanes Illarregi. Seikotea osatzeko, bi saioetako puntuazioak begiratuta, bigarren saioan kantatu zuten Maddi Ane Txoperenak eta Unai Izagirrek eskuratu zituzten finalerako azken bi txartelak.

  Bertsolariek finaleko saioan egin beharreko ariketak izango dira zotziko txikiko ofizioa, zortziko handiko ofizioa, hitza emanda bertsoa osatzea eta seiko motzean aritzea. Horrez gain, kartzelako ariketaren barruan, puntu erantzunak eta bakarka gai bati hiru bertso osatzeko lana egin beharko dute.

  Lizardi zenaren omenez sortutako bertsolari gazteen sariketa da Zarautzen urtero antolatzen den hau. Aurtengoan, 43.a da. 18 eta 26 urte arteko bertsolariei zuzenduta dago eta behin eskolarteko mailatik pasa ondoren bertsolari gazteei plazak izateko aukera ematea da sariketaren helburuetako bat. Motxian bertso eskolak eta Zarauzko udalak antolatzen dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!