Maider Arregik "Hernandorena" sariketaren finalean parte hartuko du bihar
Urriaren 27an Donibane Garazin abiatu zen Hernandorena sariketa bihar amaituko da Baionan. Bertako ZIZPA Gaztetxean jokatuko da finala 21:00tan hasita. Baionako finalean, aurrez jokatu diren hiru kanporaketetan sailkatu diren sei bertsolariak arituko dira, tartean Maider Arregi oñatiarra. Arregik, Aratz Igartzabalekin batera Garazin jokatu zen lehen kanporaketan lortu zuen finalerako txartela. Atharratzeko saioan Maialen Akizu eta Nahia Sasco sailkatu ziren eta Itsasuko azken kanporaketan Aitor Servier, eta Jon Gurrutxaga.
Bertsolari gazteentzat iparraldean antolatzen den Hernandorena sariketa jatorrian zuen eredura itzuli da aurten. Azken urteetan egun bateko sariketa izan den arren, lau eguneko sariketa izan baita aurtengoa, hiru kanporaketa eta finala. Saio bakoitzean 6 bertsolari aritu dira lehian eta 3 epailek puntuatu dituzte haien lanak. Saio guziak gaztetxetan izan dira eta bertako gazteek antolatu dute saio bakoitza Bertsularien Lagunak elkartearekin batera. Gaien sorkuntza eta aurkezpenaz ere antolakuntzan parte hartu duten gazte asanbletako kideak arduratu dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!