Oñatiko udala

Maider Arregi eta Aitor Tatiegi Azpeitian, urriaren 5ean, arituko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

2024/06/28
Card image cap
Azken final-zortzirena izango da, txapelketa Urretxun hasiko da irailaren 14an

  Hiru hilabete iraungo ditu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak eta finala abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Illunben. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea gaindituta, bi oñatiar izango dira Txapelketan: Maider Arregi eta Aitor Tatiegi, eta sailkapen fasean bezala, saio berean kantatzea egokitu zaie, Azpeitian.

  Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak 16 saio izango ditu guztira eta 48 bertsolari ariko dira kantuan, horietatik 34 udaberrian jokatu den sailkapen fasetik datoz. Gainontzeko 14ek duela bost urteko txapelketan eskuratu zuten parte hartzeko txartela. Horiez gain, 16 gai-jartzaile eta 15 epaile eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean.

  Gipuzkoako txapeketak hiru fase eta finala izango ditu: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. 42 bertsolarik ekingo diote txapelketari eta seina bertsolariz osatutako zazpi taldetan, saio bakarrera lehiatuko dira. Saioak, Urretxun, Lasarte-Orian, Lazkaon, Elgoibarren, Hondarribian, Andoainen eta Azpeitian izango dira. Azken horretan Maider Arregi eta Aitor Tatiegik kantatuko dute. Aipagarria da, sailkapen fasean izan zituzten bi saioetan ere elkarrekin aritu zirela. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasako da hurrengo fasera eta puntu gehien batzen dituzten 17 bertsolariekin azken Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera sailkatu eta aurten izena eman duten sei bertsolariak arituko dira final laurdenetan. Fase honetan seina bertsolariz osatutako bost saio jokatuko dira eta irabazlea zuzenean pasako da hurrengo fasera, puntu gehien eskuratu dituzten hamahiru bertsolarirekin batera. Finalaurrekoetan, ondorioz, 18 bertsolari arituko dira, berriro seiko taldetan, hiru saio jokatuko direlarik. Finalaurreko bakoitzeko irabazlea eta puntu gehien batzen dituzten beste bost lagun izango dira final haundian. Finala, abenduaren 14an Donostian jokatuko da eta puntu gehien metatzen duten bi bertsolarien arteko buruz burukoarekin amaituko da.

  Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saio bakarra izango da Debagoienean, baina guztiz argigarria izango dena, Arrasaten azken finalaurrekoa jokatuko baita, abenduaren 1ean. Saio guztietarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!