Maiatzaren 7an egingo da emakume sortzaileen lehen lan saioa

Oñatiko emakume sortzaileen egitasmoa martxan da jada, 25en bat emakumek parte hartzeko interesa azaldu ondoren. Farapi aholkularitzak dinamizatuko duen lehen lan saioa maiatzaren 7an egingo da eta horretan oinarri izango den galdetegia pasa den astean zabaldu zitzaien sortzaileei. Bakoitzaren sortze eremuaz, prozesuaz, prozesuaren balorazioaz, erronka nagusiez, beharrez eta emakume sortzaileek ezer konpartitzen ote dutenaz, elkarrekin osatuko duten egitasmoarekiko dituen espektatibez eta erakusketan erakutsi nahiko luketenaz galdetu zaie. Galdetegia erantzuteko apirilaren 28ra arteko epea finkatu da, gero, lehen lan saiorako dinamika prestatu beharko baita.
Parte hartzeko interesa agertu duten emakume sortzaile guztiak bildu eta sortze prozesuetan dituzten beharrez elkarrekin hausnartu eta sakontzea da maiatzean egingo den topaketaren helburua. Sormen bidean aurkitzen dituzten erronkei eta aukerei buruz berba egiteko tartea hartuko da eta, bakoitzaren esperientziatik abiatuta, dituzten kezkak eta hartu dituzten konponbideak partekatzeko espazioa sortu nahi da. Ahal den neurrian, sormen-komunitate bat eratu nahi da, elkarrekin, sorkuntza-prozesuetan dituzten beharrak identifikatu eta aukera ezberdinak definitzeko.
Galdetegia erantzun eta emakume sortzaileen lan-saioa egiten den aldi berean, sortze prozesuari buruko ikus-entzunezkoa grabatuko da. Arloan esperientzia zabala duen Itziar Bastarrikak egingo du. Hau ere hasita dago baiezkoa eman duten 15 emakumerekin harremanetan jartzen, grabaziorako hitzordua finkatze aldera. Bakoitzaren lanari eta sortze prozesuari ikusgarritasuna eta errekonozimendua eman nahi zaio eta elkarrizketa laburren bidez, norbere burua eta sormen lana aurkezpena eta jarraitzen duten lan prozesua deskripzioa grabatuko da. Ekainean egingo den Oñatiko emakume sortzaileen bigarren erakusketan proiektatuko da orain osatuko den ikus-entzunezko hori.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!