Oñatiko udala

Mª Pilar Biain eta Andres Agiriano senar-emazteak omenduko dira herriko jubilatuen izenean, domekan

2023/06/16
Card image cap
2022ko omenduak (Arg: Noticias de Gipuzkoa)
Omenaldi ondorengo luntxa eta oparien zozketa parrokiako klaustroan egingo da

  Iazko eredua jarraituko da aurten ere, eta goiz-eguerdira mugatuko dira Jubilatuen Eguneko ekintzak, domekan. Ospakizunak parrokian eta klaustroan izango dira.

  12:00tan hasiko den mezaz ekingo zaie Jubilatuen Eguneko ospakizunei Mikel Goiaingeruaren parrokian, eta meza ondoren egingo da urteroko omenaldia, parrokian bertan. Mª Pilar Biain eta Andres Agiriano senar-emazteak omenduko dira herriko jubilatu guztien ordezkari gisa.

  Mª Pilar Biainek, Maritxu anai-arrebentzat, 90 urte ditu egun. Alaba zaharrena izaki oso gazte hasi zen lanean, ezkondutakoan, familia hazi eta baserriko lanez arduratu zelarik. Andres Agiriano, senarrak berriz, 92 ditu une honetan. 11 urterekin hasi zen osaba-izeben baserrian lanean, gero, auzora itzuli eta Forjas de Zubillagan aritu zen lanean. Egungo Ulma Forja denaren ernamuina, Gaituren fundatzaileetako bat izan zen. Auzoko eta herriko elizari eta Korpusti jaiari ere oso lotuta egon da urteetan. Ez da ohikoa senar-emazteak izatea Jubilatu Eguneko omenduak baina aurten halaxe tokatu da eta bereziki pozgarria izan da bikotearentzat eta familiarentzat.

  Pilar Biain eta Andres Agirianori aldare aldera aurreratzea gonbidatuko dira meza ostean eta ohiko txapela eta zapia jarrita erloju bana emango zaie opari. Aurrez aurreskua eskainiko zaie. Oñatz dantza taldeko gaztetxoek eta Txinparta bertso eskolako lagun pare batek parte hartuko dute omenaldi ekitaldian. Aipagarria da bihar zinegotzi kargua hartuko duten hainbat udal ordezkari gonbidatu direla omenaldira; legealdi berriko lehenengo protokolo ekitaldia izango dute.

  Omenaldiaren ondoren luntxa eskainiko da klaustroan. 100dik gora lagunentzako lekua atonduko da; mahaiak jarriko dira, luntxa jazarrita zerbitzatuko baita. Mezetara joan gabe, luntxera doazenek San Juan kale aldeko atetik zuzenean sartu ahal izango dute klaustrora. Luntxa dagoen bitartean berriz, urteroko oparien zozketa egingo da klaustroan bertan.

  Hainbat lagunek jubilatuen bazkaria berreskuratzea eskatu diote Pake Lekuko zuzendaritza batzordeari baina honek nagusienen ongizatea lehenetsi du, pertsona oso nagusientzat luzea eta neketsua izaten baita egun osoko ospakizuna. Horregatik, aurten ere, goiz-eguerdira murriztuko da Jubilatuen Eguna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!