Luzatu egin da informatika laguntzaile lanpostura aurkezteko izen-emate epea
Udalak aldi baterako bete nahi ditu bi lanpostuak: informatika laguntzailea eta HAZeko administraria. Deialdiak Lanbideren bitartez zabaldu zituen eta enplegu zerbitzuaren web ataritik egin behar da izen-ematea. Informatika laguntzaile lanposturako izen-ematea atzo amaitzekoa zen baina luzatu egin da datorren ostiralera arte, urtarrilaren 26ra arte, eta gaur da azkeneko eguna HAZ zerbitzuko administrari lanpostura aurkezteko.
Informatika laguntzaile lanposturako izen-emate epea luzatzea erabaki du Udalak, hautagai gehiago aurkeztu daitezen. Bete beharreko baldintzak bi dira oinarrian: Informatika arloan lanbide heziketa II edo pareko titulazioa izatea, eta euskarari dagokionean, C1, EGA edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko maila izatea. Hortik aurrera mikroinformatika-sistemak muntatu eta konpontzeko ikastaroa izatea eta antzerako postuetan esperientzia izatea baloratuko da. Berehala lanean hasteko prest egotea ere kontutan hartuko da. Datorren ostiralera arte, urtarrilaren 26ra arte luzatu da izen-emate epe berria baina bidea hasierako berbera da, Lanbideren web orritik egin behar da. Hautatutakoari aldi baterako kontratua egingo dio Udalak.
Aldi baterako kontratua egingo zaio baita ere HAZ zerbitzuan jardungo duen administrariari. Interesatuek Lanbideren web orritik eman behar dute izena, baina epea gaur bertan amaitzen dela kontutan hartuta. Lanpostu honetara aurkezteko, batxilergoa edo pareko titulazioa izan behar da eta euskarari dagokionean, C1, EGA edo 3. Hizkuntza Eskakizuna egiaztatzea eskatzen da. Oinarrizko baldintza horiezaz gain formazio osagarria eta esperientzia baloratuko dira, hara nola, lanpostuarekin zerikusia duten goi mailako ikasketak, IT txartelak, sektore publikoan eta bereziki toki-administrazioan esperientzia izatea baloratuko da baita, sektore pribatuan bada ere, antzerako lanpostuetan aritu izana. Berehala lanean hasteko prest egotea ere kontutan hartuko da, egun bajan dagoen langilea ordezkatu beharko baitu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!