Oñatiko udala

Lurraldebuseko autobusak geldiarazteko sistema berezia jarri da Olabarrietako bi geltokietan

2025/01/25
Card image cap
Hiru markesina berri jarri dira Olabarrietan, Garibain eta Olakuako bus geltokietan

  Mugikortasuna hobetu eta autobus publikoaren erabilera sustatzeko hainbat lan egin dira azken asteotan gurean, aipagarrienak, Olabarrieta auzoan.
Abendu hasieran iragarri bezala, Udalak hiru markesina eskuratu ditu; handiena Olakuan kokatu da, apurtuta zegoen markesinetako bat ordezkatuz, eta beste biak, txikiagoak, Garibain eta Olabarrietan jarri dira. Aurrera begira, Zubillagan, Ulma Polimeroko autobus geltoki inguruan ere markesinak ipintzeko aukera lantzen ari dira udal arduradunak.

  Garibaiko markesina berria Zubillagarako norabidean kokatu da; beste aldean, Oñatirako norabidean, antzerako bat ipintzeko aukera aztertu dute udal arduradunek, baina, momentuz, ez da halakorik jarriko. Olabarrietan bai, Oñatirako norabidean lehendik zegoen harrizko geltokia osatuz, Udanarako norabidean, markesina berria kokatu da. Gainera, biak sistema berezi batez hornitu dira, autobus gidariek bertan geratu behar dutela jakin dezaten.

  Udanatik behera doan autobusak auzoko geltokian geratu gabe aurrera jarraitu izan du sarritan, parez pare pasa arte gidaria ez baita ohartzen jendea zain dagoenik. Ondorioz, autobusa hartu nahi zutenek, markesinan itxaron ordez, semaforo parean itxaron beharrean egon dira autobus gidariak ikus zitzan. Olabarrietako bi markesinetan semaforoetara lotuta dauden bi pultsadore jarri dira eta horiek zapalduta, geratzeko abisua piztuko da semaforoen goialdean jarri den pantailan. BUS ipintzen duen argi urdin bat da. Argi hori urrutitik ikusiko du autobus gidariak eta jendea autobusa hartzeko zain dagoela jakingo du. Semaforoan pantaila berria jarri eta markesinetan pultsadoreak jarri aurretik, arazoaren eta konponbidearen berri eman zitzaion Foru Aldundiari eta Errepide Sailarekin adostu zen. Olabarrietako bizilagunei ere pasa den domekan egin zen urteko auzo batzarrean jakinarazi zitzaien.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!