Lurjausi ugari eta errepidera jausi diren arbolak erretiratu behar izan dira asteburuan gurean
Ostiralean jaso zuten udaltzainek lehen lurjausiaren abisua baina errepikatu egin dira larunbatean eta igandean zehar. Elorregitik Zubillagarako errepidean lurjausi ugari garbitu eta seinalizatu dira azken bizpahiru egunetan. Garagaltza auzoan ere laurjausi handi bat izan da, Errotatxo txikia baserrirako bidean. Atzo eman zen abisua baina jausitako lurra erretiratzeko makineria behar da eta gaur kentzekoak ziren.
Araotzerako bidean zuhaitz bat jausi zen errepidera atzo eta beste bat Larraña auzoko 34 zenbakia denaren inguruetan. Biak bide bazterrera erretiratu ziren. Gaur berriz, Lamiategitik deitu dute Udaltzaingora, zuhaitz bat beste baten gainera jausi dela baina errepidera jausteko arriskua dagoela jakinaraziz. Izan ere, haizea gogor ibili zen atzo, Arrasaten 108 km/h abiadura zuen haize-bolada neurtu zen, eta euria ere, erruz bota du. Haizea eta euri jasak baretzera egin dute azken orduetan baina ur asko pilatu da mendian eta lurjausi berriak sortu daitezkeela-eta adi gidatzeko gomendioa eman du udaltzainburuak.
Baina asteburuko ezustekoa Arantzazun izan da, 100 kg. hodi beltz topatu baitira Arendui baserri inguruko zelai batean. Kobre kablea inguratzen duen hodiaren metro ugari azaldu dira, metala kenduta. Zenbait lekutan sua eman zitzaiola ikusten zen baina guztiz erre gabe. Ertzaintzari berri eman zitzaion, halakoren lapurreta-salaketarik ba ote zuten jakiteko, inork ez daki, ordea, nondik ekarri den. Udaltzainek dagokien txostena jaso zuten eta Auzoak eta nekazaritza udal departamentura pasa dute materiala erretiratu dadin. Halaber, Ura agentziari berri eman zaio, errekan ere materiala utzi delako.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!