Oñatiko udala

Luminariak aldatu dira Arrikrutzeko harrera etxetik kobarako bidezidorrean

2024/07/17
Card image cap
Baliza motako 16 argi aldatu dira

  Arrikrutzeko kobak 2007an ireki ziren bisitarientzat. Koba barruko pasarela eta gainontzeko azpiegiturak ez ezik, harrera etxea, kobaren sarrerarainoko bidezidorra eta argiteria sistema prestatu ziren, besteak beste. Harrera etxetik koba sarreraraino doan bidezidorraren argiteria bereziki zaindu zen eta baliza motako argiak jarri ziren; 70en bat zentimetroko altura hartzen duten zutabe modukoen buruan, goialdean, argia duten elementuak jarri ziren, inguruko naturan ahalik eta gutxien eragiteko. Baina zenbait gunetan oso itxia den naturak berak argiterian eragiten du, instalazioa kaltetuz. Horri, klimatologia batu behar zaio, euria eta hotza. Faktore guzti horien ondorioz, aipatu argiak hondatzen joan dira. Orain, aldatu eta berritzea erabaki da.

  Arrikrutzeko harrera etxetik koba sarreraraino doan bidezidorraren bi aldetara dauden 16 luminariak aldatu eta instalazioan hainbat egokitzapen eta konponketa egin dira. Erloju astronomikoa ere aldatu da, argien pizte eta itzaltze orduak doitzeko. Arloan eskarmentua duen TECUNI enpresak egin ditu lanak, 3.600 eurotan. Lanak aste honetan bertan amaitu dira.

  Udan, ekainaren 1etik abuztuaren 31ra arte, egunero bisitatu daiteke Arrikrutzeko koba. Ordubete irauten duten bisita gidatuak aurrez erreserbatzea gomendatzen da, bai telefonoz edo internet bidez. 53. Galerian barrena egiten diren bisita gidatuez gain ekintza bereziak ere programatzen dira: famili eta haurreri zuzendutako EspeleoTxiki bisitak edo 18 urtez gorakoei bideratutako EspeleoArrikrutz bisita bereziak. Halakoak urtean zehar eta baita orain udan ere, egun jakinetan programatu dira baina beste data batzuetan ere egin daitezke, beti ere, gutxieneko taldea osatuz gero.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!