Lore apaingarri berriak jartzen ari dira kaleetan
Udaletxea, Foruen enparantza eta kale Barriako lorontziak udako landarez apaintzen hasi dira lorezaintza zerbitzuko langileak. Kolore ezberdinetako surfiniak eta begonia dragon deritzon landareak sartu dituzte, azken egunotan. Unibertsitate etorbidean, Atzeko kalean eta beste gune batzuetan dauden loreontziak ere hornituko dira.
Kaleko lorontzien landareak birritan aldatzen dira, urte sasoiaren arabera.
Orain, udako landareak sartu dira, eguzkia eta beroa erraz eramaten dutenak. Izan ere, uda partean egunero ureztatzen badira ere, lurretik hiruzpalau metrora dauden euskarrietan jartzen diren loreontzietako askok eguzkia bete-betean hartzen dute. Kokapen hori kontuan hartzen da landareak aukeratzerakoan eta gorantz eta alboetara zabalduko diren landareak hautatzen dira, orain txikiak diren arren, handitu eta luzatzen direnean, oinezkook apain ikusi ditzagun. Une honetan loreontziak oso agirian daude baina hilabeteko epean, Korpus bueltan, ontzik ikusi ere ez dira egingo, loreen artean. Lorontzietan ez ezik, kaleko lorategietan landare berriak jartzen ari dira lorezaintza zerbitzuko langileak.
Martxoan, aldiz, zuhaitz berriak sartzen ikusi genituen kale inguruko txoko ezberdinetan. Usteldu eta lehortutako zuhaitzak identifikatu eta antzeko beste batzuez ordezkatu ziren. Guztira, 6 zuhaitz landatu ziren martxoan, Ugarkalde, San Martin, Bidaurreta, Olaiturri edota Kultur etxeko lorategian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!