Liztor beltzak harrapatzeko kanpaina amaitzear dago
Auzo alkateen bitartez bideratu du Udalak liztor beltzak harrapatzeko aurtengo kanpaina. Lehenik, liztor inbaditzaileak harrapatzeko tranpak jarriko lituzketen auzotarren zerrenda osatu zen, tranpa-ontziak eta pozoia erosi eta interesatuei banatu eta tranpak jarri ziren. Neguaren hondarrean iratzartzen diren liztor beltz erreginak harrapatzea zen helburua, habi berria egiten hasi aurretik harrapatzea, alegia. Baina zenbat harrapatu diren orain jakingo da, tranpak jaso eta jausi diren intsekturen kontaketa egin behar delako.
Oñatiko datu orokorrak ez ezik, auzoka liztor beltzaren presentzia zenbatekoa den begiratuko da, kontutan hartuta, tranpetan, ehuneneko bat bakarrik jausten dela. Estatistika datu horiek Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaizkio, herrialde mailako jarraipena egin dezan.
Ez da lehen aldia Oñatin liztor beltzak harrapatzeko tranpak jartzen direla, orain urte batzuk hasi ziren halakoak jartzen. Baina datu bilketa sistematizatu baterako lehen urratsak iaz egin ziren, herriko erlezainekin elkarlanean. Aurten, esperientzia zabaldu egin da eta interesa azaldu duten auzotar guztiei eman zaie tranpak jartzeko aukera. Datorren urtean errepikatzeko asmoa dago eta liztor inbaditzailea zabaltzen ari ote den ikusi ahal izango da bi urtetako datuak alderatuta.
Tranpak jarri dituzten auzotarrei jaso eta jausitako intsektuen kontaketa egitea eskatu zaie. Liztor beltzen habi berriak martxan dira jada eta tranpa ontzitan erreginak jaustea oso zaila da garai honetan. Tranpak mantenduta, ingurumenarentzat mesedegarri diren beste intsektu batzuk jausteko arriskua dago. 2024 kanpainako datu orokorrak aste gutxiren bueltan izango dituzte udal arduradunek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!