Oñatiko udala

Lizaur kalean auzo-konpost gune berria prestatzen hasi dira

2025/01/15
Card image cap
Herriko zortzigarrena izango den gune hau erabiltzeko eskaera formala egin dute jada kale Zaharra eta inguruko sei herritarrek

  Urrian abiatu zuen Udalak herriko auzo-konpost guneak gehitzeko prozesua, herritar baten eskariaren harira. Kontu egin behar da plaza eta Otadui zuhaiztia bitarteko bizilagunek ez dutela auzo-konposta egiteko aukerarik izan orain arte, halako gunerik ez zegoelako inguruan. Interes izango luketeen galdetu zien Udalak, urrian, eta gutxieneko baten baiezkoa jasota auzo-konpost gune berria eratzeko lanak martxan jarri dira.

  Plazatik Otadui zuhaiztira bitarteko tartea handia da eta auzo-konpost gunea erabiltzeko interesa kale Zaharra, Lizaur, Aita Madina eta inguruko bizilagunek azaldu dute, bereziki, ondorioz, gune berria Lizaur kalean egitea erabaki da. Auzo-konpost guneen arrakastarako faktoreetako bat hurbiltasuna da, hau da, erabiltzaileak gunea eskura izatea.

  Construcciones ECO-SILMA SL enpresa ari da auzo-konpost gune berria egokitzen Olaiturri jolas gunearen aldamenean,  Lizaur kaleko haur parkearen eta errekaren arteko zatian. Lanak bizpahiru astetan amaitu eta auzo-konposta otsaila hasierarako erabilgarri egotea aurreikusten da. Orain arte sei eskaera jaso dira baina parte hartzeko aukera zabalik dago; HAZ bulegoan edo udaleko egoitza elektronikoan eman daiteke izena. Gunea martxan jarri aurretik sarrerako atea irekitzeko txartela eta konposta egiteko prozesua azaltzen duen esku-orria postaz bidaliko zaie erabiltzaile guztiei.

  Lizaur kaleko auzo-konpost gunea herriko zortzigarrena izango da, beste zazpiak Errekalden, San Lorentzon, Eltzia aurrealdean, Ugarkalden, San Martinen eta bi Bidebarrietan daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!