Lizardi bertso sariketaren finalean parte hartuko du Aitor Tatiegik
Guztira 16 bertsolarik kantatu dute 48. Lizardi sariketaren bi kanporaketetan, eta seik lortu dute finalerako txartela. Aitor Tatiegi oñatiarrarekin batera, Andoni Rekondo, Libe Goenaga, Iruri Altzerreka, Araitz Katarain eta Andoni Mujika arituko dira txapelaren bila. Finaleko saioa Zarauzko Modelo aretoan jokatuko da zapatuan, irailak 7, 22:00tan. Sarrerak doakoak dira baina gonbidapena beharko da eta horiek saioa hasi baino ordubete lehenago eskuragarri jarriko dira aretoko takilan bertan.
Lizardi sariketarako finaleko seikotea osatzeko bi kanporaketa jokatu ziren pasa den astean, abuztuaren 29 eta 30ean. Bigarren saio horretan nagusitu zen Aitor Tatiegi, larunbateko finalerako txartela zuzenean eskuratuz. Orain bi urte ere, finalean aritu zen bertsolari oñatiarra.
Lizardi zenaren omenez sortutako bertsolari gazteen sariketa da Zarautzen urtero antolatzen den hau eta 25 urte edo gutxiago dituzten bertsolariei zuzenduta dago. Motxian bertso eskolak eta Zarauzko Udalak antolatzen dute eta sariketaren helburuetako bat da bertsolari gazteei plazak eskaintzeko bidea erraztea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!