Oñatiko udala

Liburuaren Egunen bueltan programazio berezia antolatu da liburutegian apirilerako

2025/03/31
Card image cap
Haurrentzako hiru ekintzek eta helduentzako bik osatzen dute hileko egitarau berezia

  Apirilaren 2an ospatuko da Haur Liburuaren Eguna eta, horren harira, hiru ekintza berezi izango dira haur liburutegian hilabetean zehar. Asteazkenean bertan, Oinatzak antzerkia izango da 2-3 urteko haurtxoei zuzenduta; ia testurik ez duen proposamen bisual poetikoa da. Apirilaren 10ean, berriz, Manga tailerra egingo dute 9 urtetik gorako gaztetxoek, manga marrazten ikasteko lantegi azkarra izango da, Gurutzeren eskutik. Parte hartzeko izena eman behar da, gaurtik hasita. Azkenik, apirilaren 29an, hileko azken ostegunarekin, Ostegun kontalariak ipuin-kontaketa saioa izango da, 4-5 urteko haurrentzat. Izaskun Mujika etorriko da. Ekintza honetan parte hartzeko izena eman behar da baita ere, asteazkenetik aurrera. Haur eta gaztetxoei zuzendutako hiru ekintza hauek haur liburutegian izango dira, 18:00etan hasita, manga tailerra izan ezik, hori, 17:30etan hasiko baita.

  Publiko helduari zuzenduta, beste bi ekintza burutuko dira, bihar eta apirilaren 29an. Unai Elorriaga gonbidatu da euskarazko tertulixan saiora eta egilearen partaidetza duten saioak irekiak izan ohi dira. Elorriagak literaturaz, sorkuntza prozesuaz eta bere azken lanaz, Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuaz berba egingo du liburutegian, bihar, 18:30etatik aurrera. Apirilaren 29an, aldiz, Markos Zapirain izango da hizlari-gonbidatua eta ondu duen Txillardegi hizkuntzalari liburuaz eta Txillardegiren hizkuntzalari bokazioaz berba egingo du. Hitzaldia zine aretoan izango da, 19:00etan.

  Aipatutako ekintza bereziez gain, hileroko Idazketa lantegia eta Komiki tertulixan saioak ere izango dira datozen egunotan. Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!