Oñatiko udala

LGTBIQ+ harrotasunaren egunari dagokion adierazpena aho batez onartu zen atzoko Osoko Bilkuran

2024/06/28
Card image cap
Kolektiboa zoriondu eta antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia egiten da

  Ekainaren 28aren bueltan bi adierazpen idatzi aurkeztu ziren atzoko bilkuran baina lehenengoa, EH Bilduren izenean alkateak irakurri zuena onartu zen, hori bai, aho batez. Estigmatizazio saiakera eta manipulazioak, eskuin muturreko diskurtso intoleranteak eta gorroto jarrerak salatzen dira adierazpen idatzian, eta guzti horien gainetik LGTBIQ+ harrotasunaren egunean harro daudela aldarrikatzen da. Zailtasunak zailtasun, lorpen handiak erdietsi direlako.
Norabide horretan, udalak hainbat konpromiso hartu zituen: herriko LGTBIQ+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoak egin eta horretan oinarritutako ekintza plan integralak abiaraztea eta lana kolektiboko kideekin batera egitea.

  Erakundeetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak e.a ezinbestekotzat jotzen dira eta politika estrukturalak erdigunean jartzeko garaia dela aldarrikatu zen. Era berean, LGTBIQ+ pertsonak zoriondu eta herritarrak antolatutako ekintzetan parte hartzera deitu ziren.

  Adierazpenak udalbatza osatzen duten guztien aldeko botoa jaso zuen, baina EAJk beste adierazpen bat aurkeztu zuen, larrialdi mozioen puntuan. Bigarren idatzi horrek ez zuen gobernu taldearen babesik jaso. Gai bakoitzaren inguruan adierazpen bakarra onartzea egokiagoa litzatekeela esan zuen Izaro Elorzak, are gehiago, adierazpen bat aho batez onartu zenean. Jeltzaleek aurkeztutako idatzia gainera, Eusko Jaurlaritzako Berdindu! zerbitzuarena eta herrira eta egoerara egokitu gabeko testua zela esan zuen alkateak. EAJko bozeramaleak ordea, ez zuen gaizki ikusi bi adierazpenak onartzea, osagarri direla argudiatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!