Oñatiko udala

Legealdi berria martxa onean eta proiektu berriei aurre eginez doala azpimarratu du udal gobernu taldeak

2020/02/04
Card image cap
Lanerako gogoz ari direla adierazi du Izaro Elorza alkateak

  Zazpi hilabete dira jada legealdi berriari ekin zitzaionetik. Tarte honetan, udala barrutik ezagutu eta aurreko taldeak abiarazitako lanei jarraipena eman ez ezik, proiektu berriak landu eta martxan jarri direla azpimarratu du gobernu taldeak, prentsara zabaldu duen orain arteko lanaren errepaso txostenean. Martxa onean doazela, lanerako gogoz eta orain artean egindakoagatik pozik agertu da Izaro Elorza alkatea.

  Alorrez alor egindako errepaso txostenean, Hiri Antolamenduren Plan Orokorraren idazketarako parte hartze prozesua eginda, herritarren ekarpenak planean txertatzen ari direla zehazten da. Gobernantza eta Parte hartze araudia ere nahikoa aurreratuta dagoela azpimarratzen da. Herritarren parte hartze zuzenaz osatu zen Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan lehenetsitako hainbat proposamen ere gauzatzen ari direla gogorarazten da gobernuaren txostenean.

  Argiteria berritu da herriko hainbat gunetan eta zebrabideetako ikus eremua zabaltzeko neurriak hartu dira, landa eremuko auzoetan ere hainbat asfaltatze eta konponketa lan egin dira. Eta San Lorentzon auzoko irisgarritasun lanen 9. fasea amaitu da. Belatxara-Urrutxu inguruan anfibioendako putzu berri bat eratu da eta aurrera darraite Natur eskolako birgaitze lanek. Berdintasun alorrean udalak arreta berezia jarrita duela azpimarratzen da legealdiko errepaso txostenean. Hala, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko erakundeen arteko koordinazio protokoloa sinatu berri da eta segida eman zaio Selma Huxley Barkham bekari.

  Herriko enpresa nagusietako eta ostalaritza eta merkatal ordezkariekin bilerak egin dira herriko egoera sozioekonomikoa hobeto ezagutzeko. Eta une honetan, Merkataritza Biziberritzeko Plan Estrategikoa eta Turismoko Plan Estrategikoaren diagnostiko fasea martxan dira. Eskola Bidea eta Hurretik ekimenen inguruan aurrerapauso esanguratsuak egingo dira. Bizikletaren eta patinetearen erabilerari buruzko datuak eta aholkuak biltzen dituen esku-orriak egingo dira. Hurretik egitasmoan, tutoretza zerbitzua eskainiko zaie hiru ikastetxeei, egin diren unitate didaktikoak klasean landu ahal izateko, eta material berria prestatzen ari da, LH3-LH6. maila bitartekoei zuzenduta.

  Haur eta gaztetxoen autonomia eta ekintzailetasuna sustatzeko parte hartze dinamiketan oinarritutako funtzionamenduarekin jarraituko da Gaztelekuko zerbitzuetan eta Txaloka ludotekan. Gazteen emantzipaziorako lagungarri diren egitasmoak lantzen jarraituko da, azken urteetan eman diren dirulaguntzak eredu, eta herriko ikasleentzako ikasketa guneen eskaintza zabaltzeko lanean ari direla dio txostenak.

  Drogen kontsumoaren prebentzioari loturik programa berezia martxan jarri da ikastetxeei eta guraso eskolari zuzenduta. Eta nagusien ahalduntzea sustatzen duen Bizipoz programarekin jarraituko da. Ingo xonau ekimenaren bigarren fasea abian da eta 2020ko Euskaraldiarekin bat egin du Udalak.

  Amaitzeko, kiroldegiko lanek aurrera darraitela eta obren eguneroko  jarraipena egiten dela zehazten da udal gobernu taldearen legealdiko lehenengo zazpi hilabeteko errepaso honetan, beste hainbat ekimenekin batera.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!