Oñatiko udala

Lege Soziologia Institutuak gertu du aurtengo mintegi egutegia

2025/01/17
Card image cap
15 workshop edo lan bilera egingo dira apiriletik uztailera bitartean

  Mobilizazio juridikoa eta protesta kulturaren azpiegiturak; Gerraren eta iraultzaren ondorengo bizitza legala; biziraupen legalak eta pluralismo juridiko globala; Demokraziaren deliberazioa? Eskubideen atzerakada eta eskubideen aldeko borroken kriminalizazioa; Sexu eta ugalketa osasuna eta eskubideak; Lagundutako ugalketa adin nagusitasunera iristen; turismoa eta iraunkortasuna edota prozedura penaletan urrutiko parte hartzeko praktika onak dira, besteak beste, aurten unibertsitate zaharrean mundu osoko adituak bilduko dituzten mintegietako batzuk.

  Mintegiak ingelesez izango dira. Euskaraz ere egin izan da inoiz baina aurten ez da halakorik jaso egitarauan, seguruenik eskaera ere ez delako egin. Izan ere, institutuak mintegi eta lan bileretarako eskaerak jasotzen ditu eta horiek egutegian txertatzen saiatzen da. Denbora behar izaten da lehen eskaera aurkeztu eta lan bilera prestatzeko. Pentsa, 2026an zehar Oñatin bildu nahi duten elkarte eta adituek oraintxe egin behar dute eskaera. Epea, otsailaren 28an itxiko da.

  2025eko workshop egitarauan jaso diren 15 mintegietatik hirutan EHUko ikerlari eta irakasleak arituko dira koordinazio lanetan; bitan, nazioarteko beste unibertsitateetako ikerlariekin batera eta uztailaren 17 eta 18an izango den mintegian, koordinazioaz euskaldunak arduratuko direlarik. Adimen artifizialak herri kulturan eta araudian duen eraginaren azterketa, lege soziologia ikuspegitik izeneko mintegia koordinatuko dute Iker Nabaskuesek eta Francisco Javier Fernandezek.

  Apiriletik eta irailera arteko tartea eskaintzen da era honetako lan bilerak Sancti Spiritus unibertsitatean egiteko, urritik martxora Lege Soziologia Institutuak eman ohi duen master ikastaroa izaten baita unibertsitate zaharrean. Antixena egoitza eta institutua bera ikaslez beteta izaten da udazken-neguko hilabeteetan eta hauek master ikastaroaren alde teorikoa amaitu eta tesina lantzera beraien jaioterrietara itzultzen direla aprobetxatzen da bestelako adituen lan bilerak programatu ahal izateko. 2025eko workshop egutegia apirilaren 3-4an egingo den mintegiaz hasiko da eta uztailaren 28-29an burutuko denaz itxiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!