Lege Soziologia Institutuak gertu du aurtengo mintegi egutegia
Haurren eskubideak eta ingurumen osasuntsua izateko eskubidea; Justizia metodoak eta mobilizazioari buruzko elkarrizketa lege-soziologiatik; Bitartekari digitalak etxeko eta zaintzako lanen sektorean; Legea eta ekonomia politikoa Latinoamerikan: agenda transnazional baterako arazo eta ikuspegiak; 15/2022 legea tratu berdintasuna eta diskriminazio ezarako:berritasunak, konparaziorako alderdiak eta balorazioa; Mugen ikerketa kritikoari buruzko disziplina-arteko topaketa; Demokrazia paritarioa eta boterearen birbanaketa: presentzia, ordezkaritza eta aitorpena izenburuko gaiak aztertuko dira besteak beste, mundu osoko adituak bilduko dituzten mintegi ezberdinetan.
Mintegiak ingelesez eta gazteleraz izango dira. Euskaraz ere egin izan da inoiz baina aurten ez da halakorik jaso egitarauan, seguruenik eskaera ere ez delako egin. Izan ere, institutuak mintegi eta lan bileretarako eskaerak jasotzen ditu eta horiek egutegian txertatzen saiatzen da. Denbora behar izaten da lehen eskaera aurkeztu eta lan bilera prestatzeko. Pentsa, 2025ean zehar Oñatin bildu nahi duten elkarte eta adituek oraintxe egin behar dute eskaera. Epea, otsailaren 26an itxiko da.
2024ko workshop egitarauan jaso diren 17 mintegietatik hiru EHUko ikerlari eta irakasleen koordinaziopean egingo da. Horietako bat, gainera, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuarekin eta Iridia, Giza Eskubideen Defentsarako Zentroarekin batera egingo da: Encuentro interdisciplinario sobre estudios críticos de fronteras. Perspectivas comparadas para deconstruir y contestar a la excepcionalidad mintegia, alegia, maiatzaren 23 eta 24an. Baina aurtengo lehenengo lan bilera edo mintegia apirilaren 11-12an egingo da eta azken berriz, uztailaren 22tik 24ra.
Apiriletik eta irailera arteko tartea eskaintzen da era honetako lan bilerak Sancti Spiritus unibertsitatean egiteko, urritik martxora Lege Soziologia Institutuak eman ohi duen master ikastaroa izaten baita unibertsitate zaharrean. Antixena Jauregiko egoitza eta institutua bera ikaslez beteta izaten da udazken-neguko hilabeteetan eta hauek master ikastaroaren alde teorikoa amaitu eta tesina lantzera beren jaioterrietara itzultzen direla aprobetxatzen da bestelako adituen lan bilerak programatu ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!