Lazarragako lorategiak erabilera publikoa izaten jarraituko du
Ez dago aldaketarik 2019an sinatu zen kontratuarekiko. Urte sasoiaren arabera parkea 17:00etan edo 20:00etan itxiko da eta abuztuan eta irailean jabeen erabilerarako itxita mantenduko da, ikuskizun puntualetarako izan ezik. Udako bi hilabete horietan kontzertu edo bestelako ekintzaren bat programatu nahiko balitz, denboraz jakinaraziko zaie jabeei, erabilera baimendu dezaten. Orain arte ez da arazorik izan. Parkea erabat itxita egongo da baita ere, herriko bi jaiegun nagusitan: Herri egunean eta Errosaixo bixamonean.
Orain hamaika urte, 2012ko irailean adostu zuten Udalak eta Sotomayorreko dukeak Lazarragako lorategia herrira zabaltzea. Kontratuaren iraupena legealdira mugatu zen eta, ondorioz, 2015ean eta 2019an legealdi berrirako luzatu zen, doikuntza txiki batzuk eginda. Orain, hirugarren aldiz luzatuko da, ekainean hasi zen udal agintaldia amaitu arte, hau da, 2027ra arte. Kontratu berria astean sinatu da.
Lazarragako lorategiak 4.000 metro koadroko azalera du. Jabearekin izenpetu den hitzarmenaren arabera, espazioak, urritik uztailera erabilera publikoa izaten jarraituko du eta trukean, udalak, bere gain hatuko du ura, argia eta parkea erabili eta mantentzeko beharrezkoak diren gainontzeko gastuak. Parkea egoteko eta paseatzeko espazio berdea da. Guztiz debekatuta dago futbolean jolastu, bizikleta edo patinetean ibili edota animaliekin sartzea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!