Larunbateko argi-etena eragin zuen arazoaren jatorria topatzeko lanetan hasi dira gaur
Tentsio ertaineko lurrazpiko linea batetan gertatu zen kortozirkuituak hiru ordu luzeko argindar etena eragin zuen larunbat eguerdian. 13:30 inguruan gertatu zen argindar etena. Nonbait, Kurtzebideko eta Aita Lizarralde kaleko transformazio zentroak lotzen dituen 13.200 voltioko lurrazpiko linean kortozirkuitu bat gertatu zen eta ondorioz, Bustinzuloko azpiestazioa automatikoki gelditu zen. Segurtasuna bermatze aldera hala gertatzen da argindar hornidura katean arazoren bat antzematen denean.
Argindar lineak banaka sartzen hasi ziren teknikoak eta hornidura zonaldeka berreskuratzen joan zen. Hala konturatu ziren arazoa laugarren linean zegoela, konkretuki, Kurtzebide eta Aita Lizarralde kaleko transformazio zentroen arteko loturan. Aipatu lotura isolatu zen eta bi zentroak beste hornidura linea batzuetara lotu ziren, behin behinean. Horrela jarraitzen dute oraindik, arazoaren muina lokalizatu bitartean. Teknikoak horretan jarri dira gaur goizean.
San Lorentzo eta San Juan kale ingurua izan ei ziren argindar hornidura berreskuratzen azkenak, etena gertatu eta hiru ordutara, 16:30ak inguruan. Bitartean, 600nen bat dei jaso ziren udaltzaingoan; salto egin zuten alarmak izan ziren arazo handiena, bai udaltzain eta ertzainentzat, lapurrik ez zegoela egiaztatu behar izan zutelako. Baina zorionez, ez zen gehiagora joan. Halakoetan igogailuetan harrapatuta geratzen direnen abisuak ere izaten dira, baina larunbatean, ez zen halakorik jakinarazi. Semaforoak berriro aktibatu behar izan ziren baina alde horretatik ere ez zen aparteko istripu edo ondoriorik gertatu.
Bazkaltzeko orduan izan zen larunbateko argindar etena, eta batek baino gehiagok ogitartekoa edo bazkari hotza prestatu behar izan zuen azken orduan, baina bestelako ondorio larririk ez zuen eragin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!