Larunbatean txosnagunean izan ziren bi eraso publikoki salatu ditu Bargastak taldeak
Irailaren 28an eta txosnagunean, pertsona berberak egindako bi eraso gertatu zirela salatu du Bargastak taldeak. Erasotzailea ezaguna dela eta lehenago ere, bere jarreragatik kexak jaso dituztela adierazten dute gazte feministek publiko egin duten idatzian. Oharrean gaineratzen da erasotzaileak duen egoera soziala baliatu nahi izan duela gertatutakoa isilarazi eta inpunitatea mantentzeko. Horregatik, guztion ardura eskatzen da halako gertaeren konplize bihurtu ez gaitezen eta jai seguruak izateko jarrera aktiboa hartu dezagun.
Oñatiko jaiak gune seguru izateko borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi du Bargastak taldeak eta, era berean, denon arreta eskatzen da, erne jarraitu eta ikusi edo jasaten den eraso oro salatzeko. Horretarako asteburuan egongo diren bitartekoak gogorarazten dira oharrean: eraso sexisten arretarako telefonoa (688 602 089) eta informazio puntu morea edota txosnagunera joaz, protokolo feminista baitago bertan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!