Oñatiko udala

Larunbat goizean postetxea irekiko da, botoa eman ahal izateko

2023/07/13
Card image cap
Gaur amaitzen da posta bidezko botoa eskatzeko epea

  Lanez gainezka daude postetxean, egunerokoari, botoa postaz emateko eskaera pila batu behar zaizkiolako. Ohikoak diren boto eskaerei, uztailaren 23an oporretan edo kanpoan egongo diren herritar askorenak batu behar zaizkie eta horrek ezohiko lan karga eragin du Oñatiko postetxean ere. Hainbat langilek gainera oporrak eskatuta zituzten eta, ondorioz, errefortzuko langileak kontratatu behar izan dituzte.

  Hauteskunde aurreko tramiteek postetxeko ordutegian eragingo dute. Gaur, botoa postaz eskatzeko azken egunean, ohiko ordutegia bete da eta bulegoa 14:30etan itxi da baina larunbat goizean postetxea ireki egingo da, 9:00etatik 14:00etara. Pandemia aurretik astelehenetik larunbatera irekitzen zen postetxea baina 2020ko martxoaz geroztik, puntualki soilik zabaldu da posta bulegoa zapatuetan. Uztailaren 15ean hala gertatuko da, posta bidezko botoa eman nahi dutenek, tramitea betetzeko egun bat gehiago izan dezaten. Berez, datorren osteguna, uztailaren 20a izango da botoa postaz emateko azken eguna.

  Hauteskundeen haritik, bestalde, mahaitan egon beharko duten herritarrei zuzendutako 10 ezohiko jakinarazpena bideratu da gaur udal bulegoetatik. Hauteskunde orokorretarako irekiko diren 15 mahaitan egoteko presidente eta bokalen zozketa egin zenean, 45 herritar izendatu ziren, titularrak eta bina ordezko. Baina alegazioak tarteko beste 10 laguni helarazi zaie, ordezkoen ordezko izateko izendapena. Azken jakinarazpena gaur bertan jarri da udaltzainen esku, hauek eramaten baitituzte izendatuen etxeetara zuzenean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!