Larrialdietarako udal laguntzen 2024ko deialdia argitaratu da
Gizarte bazterketa arriskuan dauden herritarrei ematen zaizkien dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira baina udaletik kudeatzen dira. Gobernuak dituen baliabideak ez dira nahikoak eskaera guztiei erantzuteko eta udalak, partida ekonomiko bat aurreikusten du urtero, Jaurlaritzaren aurrekontu esleipenak bete ezin dituen Oñatiko eskaerei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak Udalari ez dio jakinarazi dirulaguntza hauetara zenbat diru bideratuko duen aurten baina Udalak, badaezpada, 226.000 euro gorde ditu.
Gizarte larrialdietarako laguntzak jasotzeko baldintzak Eusko Jaurlaritzak zehazten ditu. Gizarteratzeko eta diru sarrerak bermatzeko laguntzen atalean, gizarteratzen laguntzeko eta bazterketa prebenitzeko tresna gisa planteatzen dira gizarte larrialdietarako laguntzak. Prestazio ekonomiko hauek ez dira aldizkakoak eta dirulaguntza gisa ematen zaizkie gastu espezifikoei aurre egiteko nahikoa baliabide ez dituzten pertsonei, gizarte bazterkeria prebenitu, saihestu edo arintzeko.
Dirulaguntza hauek energia eta mantentze gastuetarako, etxearen alokairurako, edo beharrezkoak diren altzari edo etxetresnak erosteko eman ohi dira. Beti ere, gehienezko muga batez. Laguntza hauek diru sarrera txikiak izan eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei zuzenduta daude. Alde horretatik, eskatzailearen gehienezko ondarea ere mugatuta dago. 2023an 100 familiak jaso zuten dirulaguntza hau, aurreko urtean baino 6 gehiagok.
Martxoaren 31a baino lehen aurkezten diren eskaeren kasuan, eta laguntza jasotzeko eskubidea badute, laguntzek, urtarrilaren 1etik aurrerako efektua izango dute. Apiriletik aurrera aurkezten direnetan berriz, ordutik aurrerako efektua izango dute. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean itxiko da, salbuespenezko egoeretan izan ezik. Eskaerak udaletxean, HAZ zerbitzuan aurkeztu behar dira baina aurretik Gizarte Zerbitzu departamentutik pasatzea gomendatzen da informazioa eskuratzeko eta dirulaguntza badagokie zein agiri aurkeztu zehazteko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!