Larraña Institutuko aldagelak eraberritzen ari dira
Larraña institutuko kirol guneak futbola praktikatzeko aukera ematen badu ere ez du taldeentzako aldagela egokirik, ez lekuz ezta ekipamenduz ere. Baina bertako futbol-zelaia gero eta talde gehiagok erabiltzen dutela ikusita aldagela-zerbitzu egokia eskaintzea erabaki du udalak eta instalazioak prestatzen ari dira jada.
Aldagela zaharren ur sanitarioaren instalazioa eraberritu da eta erabilera publikoko espazioak egokitzen ari dira. Galdara eta metagailu bat instalatu dira, 14 dutxa egokitu dira eta ur sanitarioaren hoditeria berritu da. Beste lan osagarri batzuk ere egin dira: gunearen kanpoaldea argiztatzeko 3 foku jarri dira eta sarrailak aldatu dira. Lanek, 26.625 euroko aurrekontua dute.
Eraberritze lanak oso aurreratuta daude eta aldagela berrituak irailean erabilgarri izatea espero du udaleko kirol teknikariak. Aurreikusitako epeak betez gero, Larrañako aldagelak irailaren 10etik aurrera erabili ahal izango dira. Instalazioen erreserbarekin batera aldagelak erabili ala ez aukeran emango da. Erreserbak, Zubikoa kiroldegian egin beharko dira, orain arte bezala.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!