Oñatiko udala

Lapurtutako lau bizikleta atzeman ditu udaltzaingoak Olakuako garaje batetan

2024/10/16
Card image cap
Lokalaren jabeak eman zuen abisua, atea apurtuta eta bereak ez ziren hainbat objektu zeudela jakinaraziz

  Ezusteko aurkikuntza egin zuen atzo udaltzaingoak Olakua auzoan. Jabeak erabiltzen ez duen garaje batetan lapurtutako lau bizikleta topatu zituen; biren lapurreta salatuta zegoen eta jabeekin harremanetan jarriko dira, beste bi bizikletak norenak diren ez dakite oraindik.

  Lokalaren jabeak berak eman zuen gertatutakoaren abisua udaltzaingora deituta. Erabiltzen ez duen garajeko atea apurtuta topatu zuela eta barruan bereak ez ziren hainbat objektu zeudela jakinarazi zien, tartean, helduen lau mendiko bizikleta. Bertaratuta, bizikletak ikusi eta biren inguruko lapurreta salaketa jasota zutenaz ohartu ziren udaltzainak baina beste biak, Orbea eta Trek markako mendiko bizikletak, norenak diren ez dakite. Inguruko herrietako udaltzaingoarekin harremanetan jarri dira halakoen lapurreta salaketarik baduten jakiteko. Bide batez, Orbea eta Trek bizikleta etxeetan ere kontsulta egingo dute, halakoen erregistroa ikusiz jabeak identifikatu ahal izateko. Dena den oharra publiko egitea erabaki da, herritarren bati Orbea edo Trek markako mendi-bizikletaren bat lapurtu baldin badiote, udaltzaingotik pasa dadin. Topatutakoen jabetza egiaztatuko duten argazki, erosketa faktura edo antzerako dokumenturen bat eramatea komeni da.

  Bizikleta lapurretak nahi baino ohikoagoak dira gurean, zoritxarrez, baina ez da hain ohikoa bat-batean, eta ustekabean, halakoak jabeak erabiltzen ez duen lokal batean aurkitzea. Orain, bizikleten jabeak lokalizatu ez ezik, bizikletak garajean gorde zituena edo zituztenak identifikatu beharko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!