Oñatiko udala

Lapurreten prebentzio kanpaina batera atxikiko da Oñatiko udaltzaingoa

2023/11/16
Card image cap
San Martin auzoko lau etxebizitzetan sartu ziren lapurrak pasa den ostiralean

  San Martingo lau bizilagunek salatu dituzten etxeko lapurretak kasu puntualak direla esan digu udaltzainburuak baina Bergaran eta Arrasaten ugaldu egin dira azkenaldian. Horregatik, Ertzaintzak, prebentzio kanpaina bat planifikatzen ari da eskualderako eta Oñatiko udaltzaingoak bat egingo du ekimenarekin. Herri sarrera-irteeretan prebentzio kontrolak jarriko dira balizko lapurretak saihesteko. Halakoak egiten ari dira Urretxu-Zumarragan azken astean.

  Debagoieneko hainbat herritan etxe partikularretan lapurreta salaketak ugaldu direla eta zabaldu da polizien disuasio kontrolak jartzeko asmoa. Oñatin, San Martin auzoan, lau etxebizitzetara sartu ziren lapurrak pasa den ostiral arratsaldean, 18:00ak eta 19:00ak bitartean, nonbait. Lau kasuetan balkoitik sartu ziren etxeetara, bitan balkoiko atea indarrez irekiz eta beste bitan ateko kristala apurtuta. Aipagarria da bi ataritako bina etxebizitza direla eta kasik kale mailan dauden balkoietatik sartu zirela. Etxe jabeek Ertzaintzaren aurrean salatu dutenez, bitan urrezko bitxiak lapurtu zituzten, eta batean dirua ere bai. Beste bitan kalteak eragin zituzten baina ez zuten ezer faltan bota.

  Elkarrengandik oso hurbil dauden lau etxebizitzetan salatutako lapurreta hauek pertsona edo talde berberak egin zituenaren hipotesia du Ertzaintzak. Argiketa teknikoek atzamar markak eta bestelakoak hartzen aritu ziren baina ez da inor identifikatzerik lortu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!