Lapurreta saioa salatu da “besarkada solidarioa” erabiliz
Tarteka errepikatu egiten dira Oñatin halako lapurreta ahaleginak, berriena, larunbatean gertatu zen Murgia auzoan. Bikote kanpotar bat paseatzen ari zen adineko gizonezko batengana hurbildu eta neskak besarkatzeko keinua egin zuen. Adineko gizonak ez zuen ezagutu, aldendu zedin oihu egin zuen eta ihesean joan ziren. Ez zioten ezer lapurtu baina gertatutakoaren berri udaltzaingoan eman zuten eta bertatik, adi eta arretaz ibiltzeko oharra zabaldu da.
Besarkada solidarioa deritzo lapurreta egiteko teknika honi: ezezagun batek besarkatzen gaitu, ustez ezagutzen gaituelakoan, edo beste pertsona bat gogorarazten diogula aitzakia jarrita, eta halako keinua jasotzearen harridurak sortzen duen tartetxoa erabiltzen dute kartera, sakelekoa edota lepoko katea lapurtzeko. Sarritan, lapurtu digutela ere ez diogu momentuan antzematen.
Ezezagunen bat besarkatzera datorkigula ikustean, geldiarazi, eta ingurukoen laguntza eskatzeko txilixo, oihu, edo arreta deitzeko beste zerbait egitea gomendatzen du udaltzainburuak. Salaketa jartzea ere garrantzitsua dela aipatzen da udaltzaingotik, lapurtutakoa berreskuratzeko eta, bereziki, udaltzain eta ertzainak adi egon daitezen eta gaizkilea harrapatzen ez badute ere herritarrei abisua emateko, kasu honetan egin den bezala.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!