Oñatiko udala

Lapurreta eta atxiloketak, errekara isurketa eta zauritu baten leku aldaketa, udaltzaingoaren asteburuko interbentzioen laburpena

2024/07/01
Card image cap
Lau pertsona atxilotu ziren larunbatean, lapurtutako kobre kantitate handiarekin

  Inguruko negozio batetik jasotako deiari erantzunez hurbildu ziren udaltzainak Otadui zuhaiztira, larunbat goizean. Jarrera susmagarria zuten hainbat lagun zeudela jakinarazi zieten udaltzainei eta delituren bat egiten ari ziren egiaztatzeko, bertaratuta, susmagarriak identifikatu zituzten. Orain bizpahiru hilabete inguruan ibili ziren pertsona berberak zirela eta ondarearen aurkako deituengatik aurrekariak zituztela ikusi zen. Ondoren, ibilgailua miatu zuten; maletategian kobrezko kable-bobina ugari aurkitu zituzten plastikozko estaldurarik gabe. Kobreaz gainera, hainbat erreminta ere aurkitu zituzten, besteak beste, zizaila handi bat, burdin zerra bat eta kurrikaren bat. Ertzaintzak material guztia konfiskatu zien. Era berean, inguruko enpresa bat ikuskatu zuten, susmagarriek aipatutako materiala bertatik hartu zutela pentsatuta. Hala egiaztatu zuten maletategian aurkitutako bobinen tamaina eta mota bereko bobinak gordeta zeuden enpresako txabola batek kalteak zituela sarrailan eta atean. Ertzainek lau gizonak atxilotu zituzten indarrez lapurreta egitea leporatuta. Oñatin ez ezik, Arrasaten ere, kobre lapurreta ugari salatu ei dira asteburu honetan, udaltzainburuak adierazi digunez.

  Bestelako intzidentzia batzuk ere izan dira asteburuan gurean. Ostiralean, esaterako, 112 emergentzietarako telefonoan, errekara egindako isurketa baten abisua jaso zen. Isurketa Garibai auzoan, 9 zenbakiaren parean izan zela egiaztatu ahal izan zuten Ertzainek eta Foru Aldundiko ingurugiro teknikariek eta dirudienez taladrina zen Ulmatik errekara isuri zena. Ur mostrak hartu ziren dagokion ikerketa egin ahal izateko.

  Asteburuko azken intzidentzia aipagarria berriz, jausi zen emakumezko baten leku aldaketa izan zen, atzo. 10:30ak aldera, Usako inguruan emakumezko bat jausi zenaren abisua jaso zuen Udaltzaingoak. Emakumeak buruan kolpe handi bat zuela ikusi zuten eta anbulantziari deituta, Arrasateko ospitalera eraman zuten bertan artatu zezaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!