Oñatiko udala

Lankidetza hitzarmenak eta dirulaguntzak nagusi dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2025/01/16
Card image cap
Onartutako hainbat dirulaguntza zuritzea eta dirulaguntza berrien esleipena aztertuko dira

  13 puntuko lan zerrenda osatu da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrerako eta gehienak dirulaguntzak dira: 2024an onartutako dirulaguntzen zuriketen berri emate eta kitatzeko dauden ordainketak bideratzeko eskaerak, edota, iaz deitu ziren dirulaguntzen esleipen proposamenak. Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako dirulaguntza atal ezberdinak bereizten dira baina onuradun guztiek eskuratutako dirua justifikatu edo zuritu behar dute, bigarren zatiaren ordainketa jasotzeko. Halako bosten berri emango zaie gobernu taldeko kideei arratsaldeko bileran. Gainera, Jaima saharar herriarekiko elkartasun elkarteari emandako dirulaguntzaren justifikazioa ere onartzea proposatuko da.

  Goiena komunikazio taldea kooperatiba eta Udalaren arteko lankidetza hitzarmena onartu eta horri lotutako dirulaguntza bideratzea edota Jose de Azpiazu musika eskolarekin izenpetutakoaren haritik 2024ko dirulaguntzaren bigarren zatiaren ordainketa bideratzea ere proposatuko da arratsaldeko batzarrean. Artzain txaboletan egindako lanak diruz laguntzeko  iaz egin zen bigarren deialdira aurkeztutako proposamenen inguruko ebazpena ere egingo dute gobernu taldeko kideek arratsaldeko bileran.

  Oñatiko Esperientzien gela 2024-2025 ikasturtean garatu ahal izateko Udalak eta Goienagusi elkarteak duten lankidetza hitzarmena urtebetez luzatzea proposatuko da. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako immigrazio zuzendaritzak jakinarazi du Oñatiko udalari 32.000 euro pasatxoko dirulaguntza ematea erabaki duela, immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean 2024an garatu dituen jardueretarako. Dirulaguntza hori jaso ahal izateko, ordea, lankidetza hitzarmena sinatu beharko dute bi erakundeek eta horri argi berdea ematea ere proposatutako da gaurko bilkuran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!