Oñatiko udala

Langabeziaren jaitsierak sendotu ezinda jarraitzen du

2015/05/14
Card image cap
Urte hasieran baino 12 langabetu gutxiago daude une honetan Oñatin, baina otsaileko maila berean kasik

  Martxoan, langabeziak nabarmen gora egin zuen gurean eta otsailean baino 23 langabetu gehiago kontabilizatu ziren. Azken hilabetean berriz, kasik maila berean murriztu da. Otsailean, 450 langabetu zeuden Oñatin eta Lanbideren apirileko datuen arabera 448 daude. Hau da, herriko langabezia tasa, % 8.54 da une honetan.

  Urtea, herrian 460 langabetu zeudela hasi genuen. Lehen bi hilabetetan langabeen kopurua murriztu ondoren, martxoan, igoera handia izan zen. Langabezia jaisteko joerak egonkortu ezinda jarraitzen du Oñatin.

  Apirilean, otsaileko datuekiko, bi langabetuen aldea izan da. Baina gizon/emakume eta adin taldeei erreparatuta, ezberdintasun esanguratsuagoak topatu ditugu. Izan ere, langabeziak, gizonezkoen artean nabarmen behera egin du bi hilabeteko tarte horretan; apirilean, otsailean baino 11 gizon gutxiago ziren langabezian. Txanponaren bestaldean, langabezian dauden emakumeen kopuruak gora egin du eta otsailean baino 9 emakume gehiago dira lana topatu ezinda daudenak. Adinka gainera, 45 urtetik gorako emakumeen artean hazi da gehien langabezia. Lanbidetik jaso ditugun azken datuen arabera, apirila amaieran, 200 gizon eta 248 emakume zeuden Oñatin lana topatu ezinda.

  Datuak alderatzeko tartea zabaltzen badugu, langabezia datuak adierazgarriagoak dira. Iazko apirilean, Oñatiko langabezia tasa % 9.20 zen eta aurten berriz, % 8.54, lehen aipatu bezala. Kopuru errealetan, 35 langabetu gutxiago dago herrian. Baina langabeziaren jaitsiera ez da sendotzen eta hilabetetik hilabetera, gora-beherak eten gabe erregistratzen dira eta nekez lortzen da, bi hilabetetan segidan % 8.50aren langabezia tasari eustea.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!