Langabeziak nabarmen behera egin zuen pasa den hilabetean.
Beste era batera esanda, 2012ko irailaz geroztik aipatzen ez genuen %9aren azpiko langabezia tasarekin amaitu genuen 2013a. Lanbidetik jasotako azken datuen arabera, Oñatin, 467 langabetu daude. Lana topatu ezinda dauden herriko emakume eta gizonen portzentajea gainera, kasik parekoa da: %51a emakumeak dira eta 49a gizonezkoak. Orain urte gutxi dela, alde hori askoz ere handiagoa zen eta lan gabe zegoen gizon bakoitzeko hiru emakume zeuden egoera berberean Oñatin.
Azken hilabetean, langabeziak nabarmen egin du behera Oñatin eta murrizketa hori gizon nahiz emakumeen artean gertatu da, bereziki, 25 urtez azpiko gizonezkoen artean, 45 urtez gorako emakumezkoen artean. Aipagarria da, hori bai, langabetuen ia erdiak aurrez zerbitzuen arloan aritutakoak direla. Hirutik bat berriz, industria arloan aritutakoak.
Orain urtebeteko datuekin alderatuta, abenduan langabezia jaisteko joera errepikatu egin dela esan behar dugu. Ez da beti horrela gertatu gurean, aldikako kontratu asko Gabonen aurretik amaitzen zirelako, baina 2012an bezala 2013an ere, langabezia tasak behera egin zuen urteko azken hilabetean.
2012ko datuak aurrean, jaso ditugun azken kopuruek orain urtebeteko maila paretsuan uzten gaituzte. Orain urtebete 476 langabetu zeuden Oñatin, 2013 amaieran 467 ziren. Baina zuhurtzia behar da bai, hilero eskuratzen ditugun langabezia datuak azaltzeko, Oñatin, historikoki, urtarrilean langabeziak gora egin ohi baitu. Ikusi egin beharko da beraz hilabete honetako datuek zer adierazten diguten.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!