Oñatiko udala

Langabeziak gora egin du urrian gurean

2023/11/03
Card image cap
9 langabe gehiago zenbatu dira eta Oñatiko langabezia tasa % 6,19 da une honetan

  Adin tarte guztietan eta bai gizon zein emakumeen artean gora egin du langabeziak Oñatin azken hilabetean baina xehetasunetara joaz, 45 urtez azpiko emakumeen artean izan du alderik handiena, iraileko datuekin konparatuta. 9 langabe gehiago zenbatu dira herrian eta langabezia tasak 17 ehuneneko egin du gora, SEPEtik jaso ditugun azken kopuruen arabera. Aurretik ziharduten lan esparruari erreparatuta berriz, eraikuntzan eta zerbitzuen sektorean izan da lanpostu galera handiena Oñatiko langabeen artean.

  Orain urtebeteko datuekin alderatuta berriz, egoera nahikoa antzekoa da, iazko urrian baino hiru langabe gutxiago daudelako. Aipagarria da ordea, iaz lan gabe zeuden Oñatiko emakume eta gizonezkoen proportzioa oraingoa baino parekatuagoa zela, eta lana topatu guran zebiltzan 100 oñatiarretatik 45 gizonezkoak zirela, 55, aldiz emakumeak. Une honetan aldea handiagoa da, %41a gizonezkoak direlako eta kasik 59 emakumeak. Urtebeteko tartean, emakumezkoen langabezia nabarmen gehitu dela ondorioztatu genezake.

  Ikusmira zabalduta, Debagoienean ere gora egin du langabe kopuruak eta irailean baino 53 langabe gehiago daude. Oñatin bezala, Arrasaten eta Eskoriatzan handitu egin da langabeen kopurua. Eta Hego Euskal Herrian berdin, langabeziak gora egin du baina, paradoxikoki, inoiz baino langile gehiago daude Gizarte Segurantzan alta emanda. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako enplegu bulegoetan ia 140.000 langabe daude erregistratu, irailean baino 3.614 gehiago. Baina, era berean, enplegua dutenen kopuruak gorakada handia izan du eta 15.700 afiliatu gehiago ditu Gizarte Segurantzak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!