Langabeziak gora egin du nabarmen abuztuan Oñatin eta 300k gora joan da berriro
Udako hilabeteak gora beheratsuak izan ohi dira gurean, oporrak hartzen dituzten langileak ordezkatzeko aldi baterako kontratazio ugari egiten baitira. Kontratazio gehienak uztailerako egiten dira eta ondorioz, abuztuan, baja izaten dira. Hori garbi ikusi da aurtengo langabezia datuetan, uztailean, % 5,32ra murriztu zen, urteko tasa bajuena, eta abuztuan % 5,72ra iritsi da berriro. Kopurutan, ekaina amaieran 294 langabetu zeuden gurean eta abuztu bukaeran, 17 gehiago, 311.
Aipagarria da, ekainetik abuztura arteko bi hilabeteko epe horretan langabeziak Oñatin gora egin duen arren, emakumezkoen langabezia hazi dela, gizonezkoena pitin bat murriztu baita, bereziki 45 urtetik gorako gizonezkoen artean. Emakumeen artean berriz, adin tarte guztietan egin du gora ekainetik-abuzturako tartean.
Orain urtebeteko datuekin alderatuta ordea, egoera hobea dela aipatu behar da, iaz baino 19 langabetu gutxiago zenbatu baitziren abuztu amaieran.
Gure ingurura begiratuta ere gora egin du langabeziak Debagoienean, uztaileko kopuruen parekoak mantendu dituzten Elgeta eta Leintz Gatzaga izan ezik, gainontzeko herrietan langabetu gehiago zenbatu baitira abuztu akaberan.
Ikusmira Hego Euskal Herrira zabalduta, langabeziak gora egin du baita ere, Azken hilabetean uztailean baino 2.644 gehiago dago egun Hegoaldean. Lurralde guztietan egin du gora langabeziak aurreko hilabetearekin alderatuta. Ordea, iazko abuztuarekin alderatuz gero, beheranzko joerari eutsi dio, eta iazko irailean baino 12.891 langabe gutxiago daude orain.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!