Langabeziak behera egin du azken urtean Oñatin, 40 ehuneneko murriztuta
Ez da ohikoa abenduan langabe kopurua gutxitzea gurean. Gabonetako kanpainara begira egindako kontratazio ugari urteko azken hilabetean amaitzen direlako, eta ondorioz, abenduko estatistiketan jasotzen direlako. Oñatin urtero gertatzen den zerbait da. Baina 2023a berezia izan da, alde horretatik, eta azaroan baino 4 langabe gutxiago zenbatu dira abenduan. Aipagarria da, adinaren arabera, gora beherak izan direla eta 24 urtez azpikoetan eta 45 urtez gorakoetan langabe gutxiago zenbatu diren arren, 25 eta 44 urte artekoetan, azaroan baino sei langabe gehiago daudela. Adinari erreparatuta gora beherak baina sexuari begiratuta, parez pare, bina emakume eta gizon gutxiago kontabilizatu baitira azken hilabetean herriko langabeen artean.
Oñatin, 327 langabe zeudela eta %6,04ko tasarekin amaitu genuen urtea. 2022ko datuekin alderatuta, 22 langabe gutxiago eta kasik puntu erdiko tasa baxuagoarekin gaude orain. Orokorrean, 2023a azken lau urteetako urterik onena izan da, langabeziari dagokionean, baina oraindik ez dugu lortu pandemia aurreko 2019ko datuetara parekatzerik. Orduan herriko langabezia tasa %5,79 zen eta urte osoan zehar % 6aren langaren azpitik mantendu zen. 2023an martxoan eta apirilean %6aren azpiko tasak izan genituen baina gainontzeko hamar hilabeteetan maila horretatik gorakoak erregistratu dira. Gogoan hartu behar da ordea, inflazio handiko urtea izan dela amaitu berria, eta hori etxeko kontsumoan bezala, industrian eta beste sektoretan ere nozitu dela. Beraz, inflazioari aurre eginez, enpleguak ondo erantzun dio Oñatin.
Irakurketa berbera egin da Hego Euskal Herri mailan, eta ekonomia moteldu arren, 25.000 lanpostu sortu eta afiliazio markak hautsi dira amaitu berri dugun urtean. Abenduan, 4.641 langabe gutxiago zenbatu ziren hegoaldeko enplegu bulegoetan. Debagoienean berriz, Aretxabaletan, Arrasaten eta Bergaran langabe kopuruak gora egin du abenduan baina, orokorrean, urte hasieran baino langabe gutxiago dago eskualdean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!