Oñatiko udala

Langabezia nabarmen murriztu da otsailean, 20 langabe gutxiago zenbatuta

2023/03/02
Card image cap
Gizonezkoen artean egin du behera, bereziki, herriko langabeen kopuruak

  328 langabe zenbatu dira otsaila bukaeran gurean, hilabete lehenago baino 20 gutxiago, SEPEk emandako datuen arabera. Horrek esanahi du azaroan zegoen langabe kopurua kasik berdindu dela, abenduko gorakadari buelta emanda. Une honetan Oñatiko langabezia maila, % 6,03 da, urtarrila amaieran baino 37 ehuneneko txikiagoa. 44 urtez azpiko gizonezkoen artean murriztu da langabeen kopurua azken hilabetean gurean, 16 gutxiago zenbatu baitira adin tarte horretan. Emakumeen artean berriz, 45 urtetik gorakoen artean murriztu da langabe kopurua, eta 25-44 adin tartean, aldiz, pitin bat handitu da. Ondorioz, langabezian dauden Oñatiko emakume eta gizonen arteko aldea berriro handitu da, 2 puntu eta erdi, hain zuzen ere.

  20 langabe gutxiago zenbatu izana azpimarratzeko kopurua da baina ez ezohikoa gurean, halako gora beherak sarri gertatzen direlako, herriko enpresek izaten dituzten aldikako langile beharraren isla. Hala, lehen aipatutako abenduan, azaroan baino 25 langabe gehiago zenbatu ziren edota 22 gutxiago iazko abuztutik irailerako tartean. Azken urteetako joerari erreparatuta, otsaila ez da kontratazio ugariko hilabetea gurean, baina aipagarria da, 2019ko otsailean nabarmen murriztu zela langabeen kopurua, aurten bezala, eta kasualitatez, orduan ere, 328 langabetu zenbatu zirela Oñatin.

Ikusmira zabalduz, 243 langabe gutxiago zenbatu dira Hego Euskal Herrian otsailean. Urteko bigarren hilabetea, historikoki, ez da txarra izaten enpleguarentzat, langabeen kopuruak behera egin ohi duelako, krisi handirik ez badago. Iaz, ordea, 747 langabe gehiago batu zituen. Halaber ohikoa izaten da urtarrilean Gizarte Segurantzak galdutako afiliatuen parte bat berreskuratzea, eta hori gertatu da aurten ere, urtarrilean baino 5.768 kotizatzaile gehiago izan ditu; urtarrilean 12.537 galdu zituen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!